Baionako Auzitegiak erruduntzat jo du sexu jazarpenagatik epaitutako irakaslea, baina ez du espetxeratuko

Delitu gehienak frogatutzat jo ditu epaimahaiak, eta hemezortzi hilabeteko espetxealdia ezarri dio akusatuari. Ezinen da biktimekin harremanetan jarri, eta 2.000 euroren kalte ordaina pagatu beharko dio bakoitzari.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ion Orzaiz.
2025eko abenduaren 10a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoa kolegioko Matematika irakasle bat epaitu zuten atzo, Baionako Auzitegian. 2019 eta 2024 bitartean emakumezko lau lankideri sexu jazarpena egitea leporatzen zioten, eta, horretaz gain, jukutria bidez lankideen argazkiak lapurtzea ere bai. Horrekin batera, beste lankide bati sexu irainak egin izana ere egotzi zioten. Epaimahaiak ia denak jo ditu frogatutzat, lankideen ordenagailuetan sartzeari buruzkoa izan ezik. Hortaz, hemezortzi hilabeteko zigorra ezarri dio, espetxera sartzeko beharrik gabe. Hori bai, tratamendu bat segitu beharko du bi urtez, aurrerantzean ezinen du kolegio horretan lan egin, ezta biktimekin harremanetan jarri ere, eta 2.000 euroren kalte ordaina pagatu beharko dio biktima bakoitzari.

Atzoko epaiketan, 54 urteko gizonezkoak partez onartu zituen leporatzen dizkioten delituak, baina argudiatu zuen bere jokabidea desegokia izanagatik ere ez zuela helburu sexualik izan. Haren abokatuak errugabetzea galdegin zuen.

Alta, Ici Pays Basque irrati publikoak iragan ostegunean ateratako informazioaren arabera, irakasle horrek jokabide desegokiak izan zituen zenbait ikaslerekin ere. Hainbat gurasok baieztatu dute aspalditik emana zutela abisua, eta haurrekin izandako jarrerei eta egindako komentarioei buruzko lekukotasunak eman dituzte: neskatoei ipurdia begiratzeko joera zuela aipatu dute, eta konnotazio sexualeko komentarioak egiten zituela, besteak beste. 

Kolegioko zuzendariaren hitzetan, abisua emana zien bai elizbarrutiari eta baita errektoretzari ere. Haatik, haurrei eraso egin izanaren akusazioa ez dute atxiki Baionako Auzitegiko prozesuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.