Baionako bestak «baldintza bikainetan» iragan izana txalotu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, eta, bide batez, jomugan izan ditu besten denboran baldintza horiek aski laudatu ez dituzten kazetariak. «Hedabide guti batzuetan baizik aipatu ez badute ere», haren ustez, izugarri besta ederrak izan dira. Bestalde, Baionako auzitegiak 442 salaketa erregistratu ditu, horietarik bi besterik ez sexu indarkeriari lotutakoak; Itaia antolakundeak, berriz, 27 salaketaren berri izan du.
Behin-behineko datuen arabera, bestetako tarterik jendetsuenetan, milioi bat bestazale baino gehixeago izan dira Baionan. Joan den asteazkenetik igandera bitarte iraun dute bestek, eta, Etxegaraik segurtatu duenez, beste urteetan baino jende gutixeago ukaitea lortu dute. Hain zuzen ere, azken urteetako helburuetarik bat izan da bestetako jendetzaren apaltzea, kudeaezina bilakatua baitzen.
Baionako suprefetak zenbait datu eman ditu bilan prentsaurrekoan, eta auzitegiko ordezkariak osatu ditu gero. Denera 442 salaketa erregistratu dituzte, hots, iaz baino %22 gehiago, eta 44 atxiloketa izan dira, iaz baino %11 gehiago. Salaketa horien artean, beraz, sexu indarkeriari lotuak izan dira bi, eta, zehaztu dutenez, bi gizon atxilotu ahal izan dituzte horien harira: kasuetako batengatik atxilotu gizona libre utzi dute, baina prebentzio ikastaro bat bete beharko du; bigarren aferari dagokionez, auzia eginen dute 2027ko otsailean.
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak antolatutako babesgunean, berriz, 27 salaketaren berri izan dute. Herriko etxeak, ordea, ez ditu aipatu datu horiek.
Auzitegiko zerbitzuek erregistraturiko beste salaketak ebasketei lotuak izan dira batez ere, edo indarkeria fisikoko kasuak, alkoholak larriagotuak.
Bestalde, 1.342 laguni harrera egin diete mediku postuetan, hots, iaz baino %18 gutiagori. Artatu dituztenen artean 38 adingabe izan dira, alkoholarengatik «gaizki» gertatu direnak. Suprefeta gogor mintzatu da egoera horietaz: «Batzuek 15 urte baino gutiago zituzten... Ez da normala adin horietan halako egoeratan gertatzea».
Erregistratutako salaketen bilduma egitean, halere, Baionako herriko zerbitzuak eta suprefeta kontent agertu dira aurten ez delako ez hilketarik ez bortxaketarik gertatu, beste zenbait urtetan bezala. Orokorrean, zerbitzu guzien elkarlana azpimarratu dute.
EH Baik udako bestetan euskal herria Aldarrikatzera deitu du
Baionako besten bigarren egunean, herriko etxeko langileak zenbait etxe pribatutako balkoietarik dilindan ezarriak ziren banderola antifaxistak kentzen ibili ziren. Adibidez, Rage against the fascism mezua (Amorrua faxismoaren kontra) zeraman banderola bat ezarria zuten Baionako herriko etxeko plazako Katie Daly's ostatuaren gainaldean, baina, jabeek sareetan salatu zutenez, goizean kendu zieten. Bada, EH Baik erabaki hori salatu du gaur zabaldutako agiri batean: «Onartezina iruditu zaigu Baionako Herriko Etxeak izan duen jarrera, adierazpen askatasuna urratu baitu». Halere, «Euskal Herriaren aldeko aldarrikapenek eta oinarrizko elkartasun keinuek aurten ere izan duten oihartzuna» azpimarratu du EH Baik, eta udako honetako bestetan
«Euskal Herria eta euskal kultura aldarrikatzera» deitu.