Bihar bukatuko dira Baionako bestak, baina zenbait bestazalek ezin izan dituzte gaur karrikak poztasunez bete, kexuz baizik: elkarretaratzea egin berri dute Baionako Reduit plazan Maina prebentzio guneari egindako erasoa salatzeko. Maina gunea Baionako Herriko Etxeak antolatutako prebentzio gunea da, eraso matxisten eta sexu indarkeriaren inguruan antolatua. Gaur goizean andeaturik atzeman dute militanteek: pegatina eta informazio orriak lurrean, leherturik. 2032 kolektiboak elkarretaratzera deitu du, «jokabide ahalkegarri horiei oposizioa erakusteko».
Itaiak, bestalde, protokoloa aitzina eramaten segituko du asteburua bukatu arte. Gaur goizekoa «gogorki salatu», eta bihar goizean mobilizatzera deitu dute: 11:00etan, herriko etxearen aitzinean. Aurten salaketa gutxiago jaso dituzten arren —Herriko Etxearen protokoloa ere martxan zelako—, adierazi dute «halere nahikoa» dela elkarretaratzea egiteko, Baionako bestetan berez sortzen den giroari buru egiteko: Indarkeria matxista eta ideia erreakzionarioen kontra antolatu lelopean bilduko dira bihar goizean, ohi duten bezala. Deialdia zabaldu dute.