Baionako bestez «satisfos» agertu dira auzapeza eta Frantziako Estatuko zerbitzuak

Etxegaraik erran du iaz baino bestazale pixka bat gutxiago izan direla. Bi sexu eraso salatu dituzte, eta prozedura bat abiatu dute adingabe bat abandonatzeagatik.

Baionako auzapeza eta Frantziako Estatuko zerbitzuen ordezkariak, Baionako suprefeturan. BERRIA
Baionako auzapeza eta Frantziako Estatuko zerbitzuen ordezkariak, Baionako suprefeturan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko uztailaren 16a
15:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionako besten balorazio «aski ona» egin dute Frantziako Estatuko zerbitzuek eta herriko etxeak. «Oro har giro lasaia» izan dela erran dute, eta aitzinetik egindako prestaketa lana goraipatu dute. «Aurten lortutakoa ez da irabazia. Jende pilaketak eta alkoholak, besteak beste, arrisku egoerak sortzen dituzte. Ondoko urteetarako ere neurriak hartu beharko ditugu», adierazi du Mathieu Duhamel Baionako suprefetak.

Jean Rene Etxegarai auzapezak, berriz, erran du «biziki besta politak» izan direla. Erran du biziki oihartzun onak izan dituela herritarrengandik, eta eskerrak eman dizkie Frantziako Estatuko zerbitzuei. Argitu du 1,1 milioi bestazale ibili direla bost egunetan, iaz baino %2 gutxiago. Orain arte ateratako kontuen arabera, 180.000 eskumuturreko saldu dituzte —iaz baino 50.000 inguru gehiago—.

Etxegaraik bereziki azpimarratu du aurtengo bestetan izandako eskaintza kulturala, eta Baiona 2032 kolektiboarekin izandako elkarlana ere goraipatu du. 

Ondoko urteei begira ere bestak uztail hasieran atxikitzeko borondatea agertu dute, betiere saiakera eginez ez daitezen egokitu Iruñeko sanferminekin eta Mont-de-Marsaneko (Okzitania) bestekin batera. «Baina ez gara uztailaren 20a baino harago joanen. Segurtasuna da gure lehen baldintza», adierazi du Yves Ugalde Baionako Kultura axuantak.

Bi salaketa sexu erasoengatik

Bost egunetan 1.640 esku hartze egin behar izan dituzte sokorri zerbitzuek, iaz baino %30 gutxiago, baina argitu dute nagusiki erorketek eragindako zauri arinak eta alkoholak eragindako arazoak izan direla. Marengo zubitik Errobi ibaira erori zen gizonarena izan zen kasurik larriena; ez da jakina nola dagoen.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak nabarmendu du karguan dagoenetik lehen aldia dela «arau hauste kriminalik» ez dagoela. Hala ere, bi salaketa izan dira sexu erasoengatik; zehazki, ukituengatik. «Gaur-gaurkoz ez dugu inolako salaketarik jaso bortxaketagatik; azken urteetan beherakada bat bada. Pentsa dezakegu azken urteetan sexu erasoen prebentzioan egin dugun lanak fruituak eman dituela. Satisfagarria da», adierazi du. Itaiak lau eraso matxistaren berri izan du.

Gainerako arau hauste gehienak lapurretak izan dira, eta bortizkeria fisikoa erabiliz eginikoak. Horrez gain, Bourrierek jakinarazi du prozedura bat ireki dutela adingabe bat «abandonatzeagatik». 14 urteko gaztetxo bat bere gain hartu zuten sokorri zerbitzuek «azkarki alkoholizatua». Aitak, «seguruenik alkoholizatua bera ere» prokuradorearen hitzetan, ez zuen haren bila joan nahi izan. 

Bestetako lehen egunean pertsona bat Aturrin erori zela zabaldu zen, eta ikerketa bat abiatu zuten horren harira. Prokuradoreak jakinarazi du bi pertsonaren testigantzan oinarritu zirela. «Gaur-gaurkoz ez dugu gorpurik aurkitu, eta ez dugu inolako desagertze seinalamendurik jaso».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.