Baionako bestetan liskarrak izan ziren larunbat gauean. Gizon bati hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, bi poliziari eraso egiteagatik. Istiluetan, polizia batek eskumuturra apurtu zuen. Ebakuntza egin zioten, eta 45 egunez ezingo du lan egin. Guztira lau polizia zauritu ziren, eta herritar bat ere bai.
Kartzelatuak erruduntzat jo du bere burua, eta aitortu du eraso egin ziola eskumuturra apurtu zuen poliziari; halere, ukatu egin du beste CRS bati borra kendu eta eraso egin izana. Hala ere, epaileak bi segurtasun agente jotzea leporatu dio, eta urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri. Hautetsi izateko aukera ere debekatu dio bi urterako. Atxilotuak hamar egun ditu erabakiaren aurka agertzeko.
Beste pertsona bat ere ikertu zuten, polizia iraintzeagatik, baina aske utzi dute, iritzita ez dagoela froga nahikorik.
Asteburu berean, Ordizian (Gipuzkoa) ere liskarrak izan ziren, ertzainekin, eta bi pertsona atxilotu zituzten. Bati behin-behineko espetxe zigorra ezarri diote, eta bestea aske utzi dute.
Baionako bestak uztailaren 8an hasi ziren, eta igandean amaitu. Itaiak jakinarazi zuenez, egun horietan lau eraso matxistaren berri izan zuen. Horregatik, astelehenean Baionako herriko etxearen aurrean elkartu ziren, eta protokolo ofizialaren gabeziak nabarmendu. Ekintzaileek gogora ekarri zituzten aurten izandako indarkeria matxistako kasuak. Maina prebentzio guneari egindako erasoa ere salatu zuten, pegatinak eta informazio orriak lurrera bota baitzituzten indarkeria matxistako kasuak artatzeko txoko horretan.