Itaiak lau eraso matxistaren berri izan du Baionako bestetan

Ipar Euskal Herriko Itaiak deituta, elkarretaratzea egin dute Baionako herriko etxearen aitzinean. Bestetako «bortizkeria matxista eta ideia erreakzionarioen gorakada» salatu dituzte.

Itaiaren elkarretaratzea Baionako herriko etxearen aitzinean, atzo. ITAIA
Itaiaren elkarretaratzea Baionako herriko etxearen aitzinean, atzo. ITAIA
Isabel Jaurena.
2025eko uztailaren 14a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionako bestetako «bortizkeria matxista eta ideia erreakzionarioen gorakada» salatu ditu Ipar Euskal Herriko Itaiak. Aurten ere indarkeria matxistaren kontrako protokoloa jarri dute martxan, eta lau erasoren berri izan dute —ohi baino gutxiago, herriko etxearen protokoloa ere martxan baitzen—. «Badakigu kopuru hori minimoa dela eta ez duela inola ere desmasia egiazki islatzen». Halere, ezinbertzekoa zaie «indarkeria matxista eta hura elikatzen duten entitateen kontra manera independentean» antolatzea. Halaber, Maina prebentzio guneak jasandako erasoa salatu dute, eta babesa helarazi diete bertako boluntarioei.

Itaiak deituta, atzo goizean egin zuten elkarretaratzea herriko etxearen aitzinean, Indarkeria matxista eta ideia erreakzionarioen kontra antolatu lelopean. Han adierazi zutenez, ideia eta joera horiek ez dira bestetan bakarrik agertzen, egunerokoan emaztekiek jasaten duten «zapalkuntzaren baitakoak» dira. «Indarkeria matxista biderkatzeko testuinguru aproposa sortzen dute bestek, eta zer erranik ez Baionako besten gisako makrobestek», gehitu zuten.

Haien irudiko, hala indarkeria matxistaren nola faxismoaren kontrako borroka ezin dira aitzinera eraman «instituzio kapitalisten» barenean, instituzio horiek «ordena eta errealitate kapitalista betikotzeko tresnak» direlako. «Oldarraldi erreakzionarioa bizi dugun garai hauetan, ezinbestekoa da estrategia iraultzailea eta kapitalismoaren suntsitzea ortzimugan izanen duen proiektu bat berriz mahaigaineratzea, zapalkuntzarik eta klaserik gabeko gizarte baten bidean», gehitu zuten. Bada, adierazi zuten Itaiak bide horretan lan eginen duela, «emazte langileak lehen lerrora eramanez».

Ildo horretatik, Baionako Herriko Etxeak aurten egin duen protokoloaren hutsuneak seinalatu zituzten: «Poliziarekin, hau da, entitate zapaltzaile eta erasotzaile batekin elkarlanean egina dela, eta lasaitasun sozial bat lortzeko gisan martxan jarria izan dela, bestek eredu berean segi dezaten, hots irabazi ekonomikoak mantendu daitezen». Hain zuzen, gogor kritikatu zuten erasoen datu ofizialik ez atera izana, eta nabarmendu horrek erakusten duela protokoloa «datuak monopolizatzeko eta kontrolatzeko bide bat» dela: «Errelato ofiziala leuntzeko eta bestak ontsa pasatzen direla sinetsarazteko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.