Leon erregea ageri da hor, bere tronutik jaikia, ezohiko mustatxa beltz eta laburrarekin sudurpean: besoetarik batekin agur nazia egiten du, eta, gibelean baratu zaion jargian, Hirugarren Reicheko arranoa agertzen da. Errepresio horrekin bizkarrean ibili ziren Baionako zenbait bestazale, joan den astean; tixertaren irudia atzo gauean hasi zen sare sozialetan hedatzen. GAB Baionako Elkarteek «gogorki salatu» dute gertakizuna.
Hain zuzen ere, Baionako besten «instrumentalizazioa» gaitzetsi dute, «gorroto, bazterketa eta zatiketa ideologien» mesedetan. Zehazkiago, «ideologia naziko eskuin muturreko taldexka» baten ekintzatzat jo dute tixerta faxistaren ideia eta sorrera.
Informazio Antifaxista Instagram kontutik ere komunikatu dute, tixertaren irudia publikatuz. Deskripzioan, zera idatzi dute: «Eskuin muturraren gorakada eta haren diskurtsoen normalizazioa ikusita, argi adierazten dugu ez dela inoiz izango gorrotoaren sinboloekiko inolako tolerantziarik. Dei egiten diegu guztiei adi egon daitezen, eta festa irekiak, solidarioak, antirrazistak eta antifaxistak defenda ditzaten».
Ildo beretik, Baionako Elkarteek adierazi dute Baionako bestak besta «herrikoiak» direla, «denei irekiak, errespetuan, elkartasunean eta lagunartean oinarrituak». Horren harira, galdegin dute gertakariak argituak izan daitezela, delako tixertaren iniziatibaren bultzatzaileak auzipetu ahal izateko. «Faxismoak ez du lekurik gure festetan», ondorioztatu du Informazio Antifaxistak.