Baiona Palestinarekin kolektiboak bigarrenez lortu du Baionako Herriko Etxeak Palestinako bandera San Izpiritu zubian jar dezala: bandera gaur goizean agertu da, kolektiboak herriko kontseiluaren aitzin elkarretaratzea eginen duen egun berean, Israelgo bandera kentzea galdegiteko.
Litekeena da Herriko Etxeak Palestinakoa jartzea deliberatu izana mugimenduen baretzeko. Ordea, ez dirudi militanteak lasaitu dituenik: «Indar pixka bat gehiago, Jean Rene Etxegarai; ondoko etapa da estatu genozidioaren banderaren kentzea», adierazi dute horien Instagram kontutik. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Baionako Herriko Etxe aitzinean, eta herriko kontseilura sartzen entseatu dira, baina Frantziako Poliziak bidea oztopatu die.
Baionako EH Bai taldeak agiri bidez adierazi du «mobilizazioei esker» dagoela Palestinako bandera San Izpiritu zubian ageri. Eta zenbaki batzuk gogorarazi dituzte: «2023ko urrian Israelen erasoaldia hasi zenetik, 54.600 palestinar baino gehiago hil dira, horietarik 15.600 baino gehiago haurrak. 121.000tik gora zauritu eta horietarik 34.000 baino gehiago haurrak; askotan larri zaurituak». Erran dute ere mobilizatzen jarraituko dutela, «Palestinaren ahotsa entzunarazteko eta gertatzen ari den genozidioa salatzeko».
Lehen aldiz Palestinako bandera ezarri zutelarik, egun bakarra ere ez zuen iraun: zutoin puntan instalatu eta zenbait orenetara ordezkatu zuten Olinpiar Jokoetako banderaz; joan den udan gertatu zen. Argudiatu zuten bandera «lasterregi» ezarria izan zela, «Jean Rene Etxegarai auzapezak agindu gabe»; administrazioaren oker bat izan zela.
Israelgo bandera kentzeko
Orduz geroztik, Palestinako bandera ez zen berriz agertu, eta Israelgoa, aldiz, bertan geratu zen. Hilabeteetan Palestinaren aldeko kolektiboek herriko etxearen jokabidea salatu dute, eta galdegin Israelgo bandera ken dezatela. Joan den astean, erraterako, ehundik gora pertsona elkartu ziren San Izpiritu zubian, bertan zintzilikatua den Israelgo banderaren presentzia salatzeko. Berezko helburua Israelgo bandera kentzea zen, baina, manifestariak lekura iritsi direlarik, Polizia jadaneko bertan zen, zutoina babesten ari.
Azkenean, ekintza ezin izan zuten bururaino egin, eta Israelgo bandera zutoin puntan geratu zen. Orain, beraz, biak badira: Palestinakoa eta Israelgoa. Militanteek argiki adierazi dute borrokan segituko dutela Israelgo bandera kendua izan arte. Sinadura bilketa bat ere abiatu dute sarean, herritarren sostengua biltzeko.