Baionako San Izpiritu zubian zintzilikatutako Israelgo banderaren aurka protesta egin dute

Baionako San Izpiritu zubiko Israelgo bandera kentzeko asmoz, ehun pertsona baino gehiago bildu dira, baina Polizia jada bertan zenez, ezin izan dute kendu. Baionako Herriko Etxea eta Etxegarai sarraskiaren «konplize» direla salatu dute manifestariek.

Israelgo banderaren aurkako protesta, gaur goizean, Baionako San Izpiritu zubian. GUILLAUME FAUVEAU
Israelgo banderaren aurkako protesta, gaur goizean, Baionako San Izpiritu zubian. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Baiona
2025eko maiatzaren 31
15:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Ehundik gora pertsona elkartu dira Baionako San Izpiritu zubian gaur goizean, bertan zintzilikatua den Israelgo banderaren presentzia salatzeko. Hainbat kolektibok elkartzera eta ekintza kolektibo baten egitera deitu dute, Baionako Herriko Etxearen erabaki «onartezina» salatzeko. Berezko helburua Israelgo bandera kentzea zen, baina, manifestariak lekura iritsi direlarik, Polizia jadaneko bertan zen, zutoina babesten ari. Hortaz, manifestariak parean ezarri dira, hitza hartzeko.

Maiatz hondarretan, Baionako Herriko Etxeak herrialdeen banderak altxatzen ditu uda osorako; eta aurten ere, horien artean, Israelgo bandera altxatu dute. Terexa Etxeberria Stop Genocide kolektiboko kideak esplikatu du enegarrenez eskatu dutela Etxegarairi, Baionako auzapezari, Israelgo bandera kentzeko, eta Palestinakoa emateko. Erantzunik gabe egon dira «berriz ere»: «Orduan, erabaki dugu ezin ginela egoera horren aitzinean geldirik egon. Gaurko helburua da denek pentsatzen duguna ozenki erratea», erran du Etxeberriak.

Horrez gain, gehitu du Frantziako errepublikan Palestinaren alde egiten diren protestak eta ekintzak «biziki erreprimituak» direla, eta horregatik jendea gutiago ausartzen dela bere ideiak plazaratzera.

Bandera bat, hamabost poliziakide

«Israelgo bandera babesten ari badira, erakusten du arazo bat badela. Beste banderak ez dira zainduak», adierazi du David manifestariak —ez du abizenik erran nahi izan—. Haren aburuz, Israelgo bandera jartzeak eta Palestinakoa ez agerrarazteak erakusten du zer jarrera duten Etxegaraik eta Baionako Herriko Etxeak Palestinako gatazkaren inguruan.

Etxeberriak eta Davidek, biek aipatu dute iaz ber banderarekin izan zen kalapita. Hain zuzen, maiatz bukaeran, bikote batek Israelgo bandera hondatu zuen. Herriko etxeak salaketa eman zuen, eta geroztik bi gazteak atxilotuak eta epaituak izan dira. Zenbat egun berantago, Palestinakp bandera agertu zen San Izpiritu zubian, baina handik ordu gutira bandera kendu eta Olinpiar Jokoen banderarekin ordezkatu zuten. «Herriko etxeko langileek esplikatu ziguten komunikazio arazo bat izan zela. Erran nahi du herriko etxean badela talde gotor bat izugarrizko presioa egiten duena Palestinako bandera ez altxatzeko», segitu du Etxeberriak. Geroztik, Israelgo banderaren zutoinean produktu bat ezarri dute, jendea irristatzeko eta gora ez igotzeko.

Militanteek, egin behar zuten ekintza ezin egin, eta Baionako karrikak zeharkatu dituzte manifestaldi baten bidez. Herriko etxearen itzulia egin eta gero, Baiona Handitik pasatu dira Baiona Tipiraino. Behin itzulia egina, berriz San Izpiritu zubira joan eta errepidean jarri dira, eta zubiaren zirkulazioa oztopatu dute.

Moyua plaza jendez bete dute, Gazako sarraskia salatzeko. ECUADOR ETXEA
Moyua plaza jendez bete dute, Gazako sarraskia salatzeko. ECUADOR ETXEA

Moyua plaza beteta, Bilbon

Baionan ez ezik, Bilbon ere protesta egin dute arratsaldean, «berehalako su eten bat» eskatzeko eta Gazara laguntza humanitarioa sar dezaten galdegiteko. Ehunka lagun bildu dira Moyua plazan, palestinako banderekin eta pankartekin. Palestinarrak jasaten ari diren genozidioaren aurrean ezin dela isilik egon ohartarazi dute, kalera irten behar dela, «errefusa adieraztera». Begirune, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Pertsonalde taldeek antolatu dute protesta.

Bihar eguerditan, berriz, Gernika-Palestinak elkartzera deitu du, Donostiako Alderdi Ederren. Palestinan gertatzen ari den «infernua» bururatzeko neurri «zehatzak eta eraginkorrak» beharretsi ditu kolektiboak. Ber tenorean, Iruñean, manifestazioa eginen dute, Israelekin harremanak apurtu lelopean. Baluartetik abiatuko da karrika agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.