Miarritzen da G7koen goi bilkura, baina Baiona ere poliziaz eta kontrolez josita dago larunbat arratsalde honetan. Azken egunetan ere polizia ugari ibili dira, baina, antza, komunikatu gabeko manifestazio baterako deialdia egina zegoela-eta, Poliziak ia erabat hustu eta itxi du Baiona erdigunea.
Denda eta taberna asko itxita egon dira. Inguruko zubietan jarri dituzte hesiak, eta Herriko Etxeak abisu bat ere eman du, Twitter bidez, 17:20 aldera: "Manifestazio bat aurreikusita dagoela eta, segurtasun indarrak erdigunerako bidean diren zubiak ixten ari dira oraintxe. Hiriko autobusak geratuak dira".
Baiona Ttipitik manifestazio bat atera da 18:00ak pasatuta, eta Jaka Horien kantuak abestu dituzte, besteak beste. Manifestariek jakinarazi dute Castorama Angeluko dendara joateko asmoa zutela, Poliziak hiriko erdigunea itxita duen arren. Azkenean, zubietako batean, manifestariei oldartu zaie Polizia, ura eta negar gasa erabiliz. Harriren bat bota dute manifestariek.
Pirinio Atlantikoetako prefeturak gauean jakinarazi du 68 pertsona atzeman dituzte segurtasun indarrek. Horietatik 38 polizia etxera eraman dituzte. Indarkeriazko ekintzak egitea edota "arma gisa erabiltzeko susmagarriak" ziren tresnak edukitzea. Nolanahi ere, prefeturak berak zehaztu du ez dela inor zauritu, eta dendetan ere ez dela izan kalte nabarmenik.
#g7ez bi aldeetatik kargatu dute. Baiona txikira erretiratu dira manifestariak @berriapic.twitter.com/uS4ni0vcAN
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) August 24, 2019
#g7ez ur kanoia eta gas negargarria bota dituzte. Harriekin erantzun diete @berriapic.twitter.com/RuvdsMIDP7
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) August 24, 2019
Ehunka pertsona poliziak inguraturik @berriapic.twitter.com/mEIeNYbl97
— Oihana (@oi_tsr) August 24, 2019
Abiatu dute manifestazioa jaka hori batzuek. Baiona ttipi blokeatutik ateratzeko asmoa daukate @berriapic.twitter.com/C49R74qGib
— Oihana (@oi_tsr) August 24, 2019
Istiluen aurkako dispositiboa. Blokeatuak gaude @berriapic.twitter.com/Hj4vRfcpN8
— Oihana (@oi_tsr) August 24, 2019
Itxia egon da Baionako erdigunea, eta kontrolez josita, oro har, hiriburua. Autobidetik Baionarako seigarren irteeran, esaterako, kontrol bat zegoen. Santa Ezpirituko zubian ere zorrotza zen kontrola. San Andresen, berriz, poliziek kazetari talde bat gerarazi dute, eta kaskoak eta maskarak kendu dizkiete. Orobat, kazetari ugarik salatu dute poliziek lanerako traba asko jarri dizkietela.
Kontrola Baionako Santispirituko zubian. Prentsakoak girela eta, utzi gaituzte sartzen protekzio eta guzti @berria
— Oihana (@oi_tsr) August 24, 2019
Baionara ailegatu, lehen polizi kontrola pasatu eta kaskoa eta gas maskara kendu didate poliziek... Agentziak, lan ehin ahal izateko, gainean eramatera behartutako gas maskara eta kaskoa.
— Gari Garaialde (@GariGaraialde) August 24, 2019
#g7ez kazetari talde bat kontrolatzen ari dira San Andresen. Kasko eta maskarak kentzen ari zaizkie. Prentsa askatasunaren kontrako erasoa. Babesteko materialak gabe arrisku handiak hartzera eramanak dira @berriapic.twitter.com/cOmERSij5D
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) August 24, 2019
Genie zubian, berriz, giza eskubideen ligako petoa zeramaten hiru andre eraman dituzte poliziek, antza "defentsa materiala" zutelako.
#g7ez Giza eskubideen ligako petoa zeramaten hiru neska eraman ditu poliziak. "atxilotzen gaituzte" oihuka ari ziren @berriapic.twitter.com/DiHaPGitgP
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) August 24, 2019