Baionako presondegiko baldintza txarrak salatu dituzte langileek

Presondegia %230ean dago okupatua, «zortzi eta hamar langile artean eskas» dira, eta badirenak «leher eginak» dira. Frantziako espetxeetan ere antzeko arazoa dago: mobilizazioak egin dituzte Ufap-Unsa Justizia sindikatuko kideek, CGTkoekin batera.

Baionako presondegia, gaur, sindikatuen pegatinekin atean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako presondegia, gaur, sindikatuen pegatinekin atean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko apirilaren 27a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun, Baionako presondegia bere edukieraren %230ean dago betea. Horrek erran nahi du, adibidez, bederatzi metro koadroko geletan hiru edo launaka sartzen dituztela atxilotuak. «Zinez ez dira baldintza duinak», Christophe Dadot Ufap-Unsa Justizia sindikatuko bozeramaileak erran duen bezala.

Baionako presondegiaren aitzinaldean elkarretaratu dira goizean hainbat langile, presondegietako baldintza txarren salatzeko, direla langileenak, direla atxilotuenak. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantzian ere egina zuten deialdia, orotan baita ber arazoa: jende gehiegi presondegietan, eta langile gutiegi. Ufap-Unsa sindikatuari CGT batu zaio.

Dadotek presondegietako arazoak azaldu ditu: «Gainpopulazioa [Frantziako] nazio mailakoa da: hilabetero-hilabetero zenbakiak goratzen dira. Baionako presondegia %230ean dago okupatua: 163 atxilotu dira, baina eraikinak 68 leku eskain ditzake, berez. Orduan, elkarbizitzarako arazoak sortzen ditu, baita kudeaketarako arazoak ere. Batzuetan, hiru edo lau dira zelda bakar batean, eta tentsioak igaiten dira... Bederatzi metro karratukoak dira zeldak; zinez ez dira baldintza duinak».

Horiek horrela, «etengabe estres» egoeran direla salatu du Dadotek, «arazoak lasai kudeatu ezinik». Ez dira aski langile, gainera, dagoen jende kopuruari begira. Erran duenez, zortzi eta hamar agente artean eskas dituzte presondegiak ongi funtzionatzeko. «Edozein osasun arazorekin, lankide bat gehiago eskas zaigu, eta pausarik gabe geratzen gara. Bizi soziala trabatua dugu, eta leher eginak gara: ez da hitz azkarra, egiazki leher eginak gara».

Omen jende gehiago iritsiko dela lanera uztail hasieran, baina anartean, arazoak hor dira, «atzo bezala bihar ere», eta behin helduko direlarik arazoetarik batzuk konponduko badira ere, Dadotek argi du ez diola arazo orokorrari aterabiderik emanen.

Sindikatuko «agindu nazionalen» zain daude orain, mugimenduekin jarraiki ala ez erabakitzeko.

Diputatuen sostenguz

Dadotek Colette Capdevielle diputatuaren aipamena egin du, harekin harremanetan baitira presondegiko langile batzuk, joan den urteko bisitan etorri zenaz geroztik, segur aski. Hain zuzen ere, iazko uztailean, ustekabeko bisita egin zuten Peio Dufau EH Baiko eta Capdevielle PSko diputatuek.

Orduan, hitza hartu zuen presondegiko Laure Meritet zuzendariordeak: «Gu ez gara beldur barneko errealitatea erakusteaz. Batzuek uste dute presondegia bost izarreko hotel bat dela; beste batzuek, gulag bat dela eta torturatzaileak garela. Ez da ez bata, ez bestea. Gizatasunez egiten dugu gure lana, baldintza zailetan, eta gure zeregina segurtasuna bermatzea da». Eta, berak ere Baionako presondegiko baldintzak salatu zituen: gainpopulazioa eta langile eskasia. Gaua zaie zailena: lau langile baino ez dira. «Ez dira baldintza egokiak, ez guretzat, ez haientzat».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA