«Urgentziazkoa da [Baionako presondegian] baliabide gehiagoren plantatzea», Bertrand Bouvet abokatuaren ustez. Alain Larrea Baionako abokatuen elkarteko burua eta Francisco Sanchez Rodriguez lankidea ondoan zituela, asaldaturik mintzatu da Baionako presondegiaren egoeraz: dela gainpopulazioagatik, langile eskasiagatik edo eraikinen estatu txarragatik, «inarrosirik» atera zen iazko martxoan bertan egindako bisitatik. Bada, gaur agertu dute bisita horren txostena.
Zigor kodeko 719 artikuluak eman zion modua Larreari bisita horren baimena ukaiteko, «abokatuen elkarteetako buruek giza eskubideak murrizten dituzten zentroak bisitatzeko ahala» dutelako: Bouvet eta Sanchez Rodriguez abokatuek egin zuten bisita, biak Larrearen ordezkariak diren heinean.
Nagusiki, gainpopulazioa eta eraikinean bizitzeko baldintzak deitoratu dituzte. Batez beste, presoek 1,6na metro karratu dituzte bizitzeko. Europa mailan, alta, lau metro karratu bederen errespetatu behar dira zelda kolektiboetan —sei metro karratu indibidualetan—; hiru metro karratutik behera, kontsideratzen da giza eskubideak ez direla errespetatuak.
Ez da harritzekoa metro karratuen banaketa ez errespetatzea, 75 presorentzat pentsatutako eraikinak 160 hartzen baitzituen 2024an. Abokatuek konfirmatu dutenez, gaur egungo zenbakiak ber mailakoak dira, gutxi gorabehera. Hain zuzen ere, Baionako presondegiko langileek greba eguna antolatu zuten apirilean: hamar bat langileren eskasia salatu zuten.
%230Baionako presondegia zenbateraino dagoen beteta, ehunekoan. Urte pare bat dira Baionako presondegia %200etik gora dagoela beteta. Horren parean, alta, agente kopuruak ez dira emendatuak.
Hartzen dituen preso kopuruaren erdiarentzat pentsatutako presondegiari, ezinbestez, baliabideak eskas zaizkio. Lehen-lehenik, zelda kopurua ez denez nahikoa, bizpahirunaka lo egiten dute presoek pertsona bakar batentzat pentsatutako geletan. Bouvetek «lurrean ezartzeko matalazak» aipatu ditu, bisita egin zutenean ohartu baitziren horien erabilera gehiegizkoaz: «Zortzi bazituzten beharrean erabiltzekoak, erran nahi baitu jadanik erabili izan dituztela. Argi izan dadila: halako matalaz bat sartzen bada zelda batean, lo egiten da zangoak beste ohe baten azpian eta burua komunetan».
Umidura, beroa eta hotza
«Gizalegerik gabeko baldintza apalgarrietan» bizi dira presoak, eta «duintasuna zalantzan jartzen dute», Bouvet, Sanchez Rodriguez eta Larrearen ustez.
Presoek bi metro karratu eskasetan bizi behar dutela ez ezik, ziegetan «izugarrizko hezetasuna» dagoela ere salatu dute, «nola udan hala negu betean berinak zabal-zabalik utzi behar izateraino». Aireztatu gabe, bestela, «tantak erortzen zaizkie ohe gainera». Are, zenbait preso ikusi dituzte/ «xukaderekin murruak idortzeko saiakeretan».
Larreak azken egunetako berote handiei egin die erreferentzia, bide batez: «Jakin nahiko nuke zeldetako ateak ireki ote dizkieten...».
Leku eskasiak albo ondoriok ere ekartzen ditu, Baionako presondegian hiru gela baizik ez baitira bisitentzat eta, 75 pertsonentzat pentsatua baitzen hori, bisita batzuk egin ahal izan gabe baratzen dira orain. Egin gabe gelditzen diren bisiten artean daude abokatuenak, hain zuzen: bezeroak ezin badituzte ikusi, defentsa zuzenbidea lanjerrean da, Baionako abokatuek gaitzetsi dutenez.
Iritzi publikoa, kontra
«Ez, presondegia ez da telebista eta hozkailua eskaintzen dituen oporgune bat, batzuek uste duten bezala». Frantziako zenbait hedabide nagusitan hedatzen den informazio faltsuaren kontra egin nahi izan dute Baionako abokatuek. Larrearen ustez, «azken denborako aferak ez du lagunduko justiziarekiko iritzi publikoa hobetzen». Delako afera ez du izendatu, baina Lyhannaren aferari egiten zion erreferentzia: 11 urteko neskatila hori maiatz bukaeran desagertu zen, Okzitaniako Fleurance herrian, haren gorpua berriz aurkitu zuten arte. Susmagarri nagusia Jerome Barella da, 41 urteko gizona, hildako neskatila ikusi zuen azkenengo pertsona. Atxilotu, eta akusaziopean ezarri dute, bahiketa eta hilketa leporatuta. Eta zabaldu da berria: akusatutako gizona behin baino gehiagotan salatu dute azken urteetan adingabeen kontrako sexu indarkeriagatik, baina ez dute sekula haren kontrako neurririk hartu.
Lyhannaren aferak, beraz, zabalduko du «epaileek aski kondenatzen ez duten ustea», Larrearen ustez. Iritzi publikoa ideia horretarantz lerratzen bada, ordea, «zigor laburragoen alde eginen lukeen justizia erreformarik ezin dugu espero izan». Denbora berean, presondegietarako aurrekontuak presondegi berriak sortzera bideratzen dituzte: eraikin andeatuak ez dira konpontzen, leku gehiago sortzen dira baina gainpopulatuak diren presondegiak hustu ahal izan gabe, presoak beti luzeagorako zigortzeko dinamika martxan baita.