Beste sexu eraso bat Euskal Herrian. Atzo 22:00ak aldera gizonezko batek emakumezko bati eraso egin zion Baionan, hiri autobus baten barrenean. Gizonezkoak 55 urte inguru ditu; biktimak, 20 inguru. Gizonezkoa emakumearen atzean eseria zen autobusean, eta, ibilgailua geldirik zela, eskua eserlekuaren gainetik pasatu eta bularraldea ukitu zion emakumezkoari. Autobusean ziren gainerako bidaiariak gertatutakoaz ohartu ziren, eta jaitsarazi egin zuten gizona.
Handik ordubetera, 23:00ak inguru, polizia agenteek gizona atzeman zuten, eta segurtasun kameren bidez baieztatu zuten erasotzailea zela. Biktimak Baionako auzitegian deklaratu beharko du.
Halaber, joan den astelehenean Bokalen (Lapurdi) bere bikotekide ohiari eraso egiteagatik atxilotutako 25 urteko gizonezkoa espetxeratu egin dute, behin-behinean, epaiketa arte. Gainera, auzitegian zela, mehatxatu egin du bikotekide ohia.