Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren kontrako auzapezek ez dute jada babesik ezta beren zerrendetan ere. Izan ere, Euskal Kosta-Aturriko herrietan gehiengoan diren zerrendetako hainbat hautetsi Helep Herriarteko Lankidetza Erakunde Publiko bakarraren alde agertu dira. Azaldu dutenez, ez dute desadostasunik beren auzapezekin herri bakoitzari dagozkion gaietan. Aldiz, elkargoarenean bai. Hala azaldu du Edouard Chazouilleres Miarritzeko zinegotziak: «Aspertuak gaude entzuteaz kostaldea Euskal Herriari bizkarra ematen ari zaiola. Gu Euskal Herriari begira gaude».
Miarritze, Angelu, Bokale, Bidarte eta Baionako hamabost hautetsi dira Helep bakarraren alde agertu direnak, alderdi politiko ezberdinetakoak, gainera. Miarritzekoa da kopuru esanguratsuena: Chazouilleresekin batera, Peio Claverie, Regine Dagerre, Maialen Etxeberri, Ghislaine Haye eta Michel Poueyts izan ziren atzo haien herrian egindako agerraldian. Bertze herrietatik gutxiago, baina ez, haatik, garrantzirik gabe. Bokaleko lehen axuanta, Marie-Ange Thebaud, bertan zen, erraterako. Angeluko Jean Louis Dulac eta Sophie Laplace, Bidarteko Marc Kanpandegi, Isabelle Xarritton eta Pierre Ezpilondo eta Baionako Martine Bisauta, Christine Lauque eta Christian Millet Barbe dira bertzeak.
Beren herrietako oposizioko hautetsirik ez dute gonbidatu, arrazoi argi batengatik: «Ez genuen nahi hau erabil zedin oposiziorako tresna gisa», azaldu du Charrittonek. Beren herrietako auzapezekin gatazkarik ez dutela nahi azaldu du Claveriek: «Bistan da: eztabaida politikoek beti uzten dute aztarna, baina ez gaitu horrek kezkatzen».
Hautetsien Kontseiluarekin egindako lana biziki aberasgarritzat jo dute hamabortz auzapezek, eta, diotenez, Ipar Euskal Herriko hirigune elkargoa aitzinamendua izanen da lurraldearentzat. Bisauta: «Gauzak anitz sinpletuko ditu». Aspaldiko aldarrikapena dela ere gogoratu dute, eta gaur egungo gizarteak ere eskatzen duena.
Elkargoa sortuko balitz, bertzalde, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezek —Baionakoa elkargoaren alde dago— berdin gobernatzen segitzen ahalko dutela uste dute. Jean Louis Dulacek eman du bere herriko adibidea: «Claude Olive Angelurentzat auzapez biziki ona da, baina gaur egun ez du Euskal Herriko ikuspegirik. Halere, Angeluko bozketa apirilaren 11n eginen da, eta pentsatzen dut ordurako deliberaraziko dela». Elkargo berriko presidente kargua hartzen ahalko lukeela ere iradoki du: «Elkargoko presidente ona izan daitekeela uste dut». Antzera pentsatzen du Charrittonek Michel Veunac Miarritzeko auzapezari buruz: «Baiezkoa ateratzen bada, onartu eginen du, eta parte hartuko du elkargoan».
Botere borroketatik harago, proiektua orokortasun batean ikustera deitu du Claveriek: «Hautetsiak pasaian baizik ez gara. Elkargo bakarra herriena izanen da, ez hautetsiena».
Kultur eragileak ere, alde
Kultur munduko 115 artista eta eragilek ere eman diote atxikimendua Helep bakarrari. Horien artean dira Ur Apalategi, Lucien Etxezaharreta eta Aurelia Arkotxa idazleak, Jean Bordaxar, Pantxoa Karrere, Michel Ducau eta Jurgi Ekiza musikariak, Jose Cazaubon eta Arantxa Lannes dantzariak, Battittu Coyos euskaltzaina eta Kristiane Etxaluz antzerkilaria. Haien hitzetan, elkargo bakarraren sortzea «funtsezkoa» da biztanleen arteko «lotura sozial eta kulturalen indartzeko».
Bakarrik gelditu dira elkargoaren kontrako kostaldeko auzapezak
Miarritze, Bokale, Angelu, Bidarte eta Baionako gehiengoetako hamabortz hautetsi elkargo bakarraren alde agertu dira. «Kostaldeak ezin dio Euskal Herriari bizkarra eman»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu