Bakartxo Ruiz ez da EH Bilduren Nafarroako hautagaia izango 2023an

Ruiz, parlamentuan. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 04a
00:00
Entzun
Bakartxo Ruiz ez da aurkeztuko 2023ko Nafarroako foru hauteskundeetara. Ruizek berak hala jakinarazi du sare sozialen bidez. «Ziklo bat amaitzeko unea da. EH Bildun lanean jarraituko dut, militatzeko modu asko daude eta [...] Pribilegioa izan da Nafarroan aldaketa prozesua bizitzea», adierazi du. EH Bilduri jakinarazi dio amaitu egin duela bere ibilbidea lehen lerroan, eta bere asmoa dela San Fermin ikastolara itzultzea, irakasle moduan. Erabaki «pertsonala» izan dela esan du Ruizek.

EH Bilduk Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako hautagaiak aurkezteko epea ireki du egunotan, eta datorren igandean amaituko da. Hauteskundeetako behin betiko zerrenda azaroan erabakiko da, baina Ruizek baieztatu du ez dela joango parlamenturako hautagaitzan. «Esana nuen hau izango zela nire azken legealdia. Ziklo bat amaitzeko unea da, eta eskertzen dut nire erabakia ulertu eta errespetatu izana. Dena dela, EH Bildun lanean jarraituko dut; militatzeko modu asko daude». Ruiz 2011n aurkeztu zen aurreneko aldiz EH Bilduren zerrendetan; hain zuzen, bigarren postuan. 2015ean berriro aurkeztu zen, Adolfo Araizen atzetik, eta zerrendaburu izan zen 2019ko bozetan.

«Nire kideekin batera saiatu naiz ekarpen positiboak egiten eta Nafarroan aldaketa politikoa bultzatzen. Uste dut 11 urte geroago lan honek bere fruituak eman dituela », esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.