Politika

Bakartxo Ruiz ez da izango EH Bilduren Nafarroako hautagaia 2023an

EH Bilduko eledunak iragarri du ez dela aurkeztuko foru hauteskundeetara. «Ziklo bat amaitzeko unea da», adierazi du.

Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 03a
21:48
Entzun

Bakartxo Ruiz ez da aurkeztuko 2023ko Nafarroako foru hauteskundeetara. Noticias de Navarra egunkariak eman du albistea, eta EH Bilduk eta Ruizek berak zabaldu egin dute berria sare sozialen bidez. «Ziklo bat amaitzeko unea da. EH Bildun lanean jarraituko dut, militatzeko modu asko daude eta [...] Pribilegioa izan da Nafarroan aldaketa prozesua bizitzea», adierazi du. EH Bilduri jakinarazi dio amaitu egin duela bere ibilbidea politikaren lehen lerroan, eta bere asmoa dela Iruñeko San Fermin Ikastolan duen irakasle postura bueltatzea. Erabaki «pertsonala» izan dela esan du Ruizek.

EH Bilduk Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako hautagaiak aurkezteko epea irekia du datorren igandera bitartean. Hauteskundeetako behin-betiko zerrenda azaroan erabakiko da, baina Ruizek baieztatu du ez dela joango parlamenturako hautagaitzan. «Esana nuen hau izango zela nire azken legealdia. Ziklo bat amaitzeko unea da, eta eskertzen dut nire erabakia ulertu eta errespetatu izana. Dena dela, EH Bildun lanean jarraituko dut, militatzeko modu asko daude». Ruiz 2011an aurkeztu zen aurreneko aldiz EH Bilduren zerrendetan, bigarren postuan. 2015ean berriro aurkeztu zen, Adolfo Araizen atzetik, eta zerrendaburu izateko ardura hartu zuen 2019ko bozetan.

«Nire kideekin batera saiatu naiz ekarpen positiboak egiten eta Nafarroan aldaketa politikoa bultzatzen. Uste dut 11 urte geroago lan honek bere fruituak eman dituela », esan du EH Bilduko legebiltzarkideak. Eskertua agertu da jende askok erakutsi dion «konfiantzagatik eta maitasunagatik». Halaber, adierazi du EH Bilduk proiektu politiko «sendoa» duela, hauteskundez hauteskunde indartzen doana, eta ziur agertu da 2023an ere hautagaitza «oso indartsua» izango duela bi instituzioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.