2019ko udal eta foru hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaiak aurkezteko epea agortu egin da, eta zerrendaburu batzuen izenak jakinarazi ditu koalizioak. Nafarroako Gobernurako lehendakarigaia Bakartxo Ruiz izango dela iragarri du gaur EH Bilduk, agerraldi batean. Nafarroan hasitako "aldaketa finkatzeko" hautagai egokiena delako aukeratu dute Ruiz, koalizioak dioenez.
Bestalde, Arabako eta Gasteizko zerrendaburuak ere ezagutzera eman ditu EH Bilduk. Kike Fernandez de Pinedo izango da Arabako Batzar Nagusietarako zerrendaburua, eta Miren Larrion Gasteizko Udalekoa. Araban eta Gasteizen ez da beste hautagairik aurkeztu, eta, beraz, ez da bozketarik egin, eta Hauteskunde Batzordeak zuzenean izendatu ditu biak zerrendaburu. Arabako Mahai Politikoaren erabateko babesa jaso dute bi hautagaiek, EH Bilduk Arabarako eta Gasteizerako duen proiektu politikoa "hobekien" ordezkatzen dutelako. 2015eko hauteskundeetan ere EH Bilduren hautagaiak izan ziren biak. "Luze erakutsi dute euren gaitasuna eta herrialde zein hiriburuarekiko daukaten konpromiso eta ardura maila, eta, ondorioz, irabazia dute herritar askoren artean Arabako ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate izateko sinesgarritasun eta konfiantza ere", azaldu du alderdiak.