Bakea erdiesteko elkarrizketak daukan indarra nabarmendu du Baketik fundazioak bere 20. urteurrenean

Donostiako Aquariumean egin dute ekitaldia. Maider Maraña zuzendariak esan du hogei urteotan Baketik «eraldatu» egin dela, baina sortu zeneko «kezkei loturik» diharduela. Besteak beste, bultzatutako gizarte mentoretza programak goraipatu ditu.

Baketik fundazioaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Baketik fundazioaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 29a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogei urteko ibilbideari erreparatu, eta ibilian-ibilian bildutako lorpenak nabarmendu ditu gaur Baketik fundazioak, 20. urteurrena ospatzeko Donostiako Aquariumean egindako ekitaldian. Ehundik gora lagun bildu dira bertan, eta komunitatean omendu dute fundazioaren lana, hariz ari: 20 urte komunitatea, bizikidetza eta bakea ehuntzen lelopean. Saretu eta sareak osatu, horixe egiteko helburuz sortu baitzuten Baketik fundazioa 2006an, artean Euskal Herriko gatazka eta «motibazio politikoko indarkeria» abian zenean. 

Bestelakoa da egungo testuingurua, eta bestelakoak Baketik fundazioak esku artean dituen proiektuak. Fundazioko zuzendari Maider Marañak nabarmendu duenez, oinarria, halere, bera da: «Jarraitzen dugu Baketik sortu zeneko kezkei loturik, baina gure lan egiteko modua aldatuz joan da gizartearekin batera, premia berriei erantzuteko. Ikasi egin dugu, tresna berriak hartu ditugu eta berritzera ere ausartu gara». Herritarren kezkei erantzuteko eta gatazkak konpontzeko, «elkarrizketa eta parte hartzea» ezinbestekoak dira, Marañaren arabera. 

Horren harira, azpimarratu dute azken urteotan gizarte mentoretza oinarri duten zenbait proiektutan jarri dutela arreta, arazo sozialei heltzeko; esaterako, bazterkeriari, polarizazioari eta gorroto diskurtsoei. Horretarako, formakuntzak ez ezik, martxan jarri dituzte bitartekaritza zerbitzuak eta prozesu errestauratiboak. «Euskal Herrian bakearen eta bizikidetzaren arloan metaturiko esperientzia bistatik galdu gabe», gehitu dute. 

Askotariko jendea 

Ordezkaritza instituzional zabala egon da ekitaldian. Han izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Nafarroako Gobernuko eta Gogora institutuko zenbait kide; horrez gain, indarkeria politikoaren biktima izandako hainbat lagun ere bertaratu dira. Hitza hartu du Fernando Rey Baketik fundazioaren patronatuko presidenteak: «Zaila da, batzuetan, gure herrian eta munduan giza eskubideen eta bakearen defentsa egitea, biktimak babestea eta indarkeriari zilegitasuna kentzea, baina, aldi berean, betegarria da».

Hain justu, oinarriak sendotzeko, dagoeneko abian dauden proiektuak indartzeko, eta etorkizunean ere komunitatea eraikitzeko deia egin dute ospakizun ekitaldian, zaintza eta parte hartzea erdigunean jarrita; hots, «bizikidetza eta bakea ehuntzen» jarraitzeko.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA