Politika

Bakea, indarkeria ezetik haratago jota

Gaurtik asteazkenera, Madrilen, ‘ETArik gabeko Euskadiren bizikidetzarako etorkizuneko proposamenak’ udako ikastaroa izango da. Complutense Unibertsitateak antolatu du, eta Jaurlaritzak babestu.

enekoitz esnaola
2016ko uztailaren 4a
12:41
Entzun

Madrilen datozen egunetan euskal gatazkari buruzko udako ikastaro bat izango da, eta hasiera azpimarragarria du topaketako aurkezpen testuak:: "Indarkeria eza baino askoz gehiago da bakea". Ikastaroaren zuzendari Carlos Lopez Fonsecak BERRIAri esan dio jadanik bost urte pasatu direla ETAk jarduera armatua utzi zuela jakin zenetik, "eta hori ez da aski bizikidetza bat izateko". Haren arabera, "politika aktiboak" behar dira, helburu "normalizazioa" izanik. Hain zuzen, gaurtik asteazkenera ETArik gabeko Euskadiren bizikidetzarako etorkizuneko proposamenak izeneko ikastaroa izango da Escorialen, Complutense Unibertsitateak antolatuta. Eusko Jaurlaritza da babeslea, eta handik Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak hitz egingo dute. Euskal alderdi nagusietako ordezkariak ere ariko dira, baita biktima mota desberdinetako kide batzuk ere.

Fonsecak uste du "garai interesgarria" dela horrelako gaiez aritzeko, "udazkenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango baitira, eta urrian beteko direlako bost urte ETAren erabaki hartatik. Horregatik ekarriko ditugu euskal alderdietako ordezkariak, Madrilen ere azaldu ditzaten euren proposamenak, eta mahai inguru bat ere egin dezaten. Akordio txikiek garrantzia dute. Gainera, haien eguneroko eremutik aterako dira hona etorrira, eta, distantzia bat hartuz, beste perspektiba bat izanda mintza daitezke". Dena dela, aipatu du Madrilgo hori "unibertsitate foro bat" dela, ez gehiago.

Fonsecak berak proposatu zien Complutenseko Udako Ikastaroetako arduradunei horrelako saio bat egitea. "Aurretik Jaurlaritzari aipatu nion, eta ongi iruditu zitzaion. Ikastaroen zuzendaritzak joan den otsailean jo zuen ontzat". Gonbidapenak egitean jo zuten Hasier Arraizengana, "hura zelako EH Bilduren eledunetakoa, eta baiezkoa eman zuen", Fonseca kazetari eta idazleak dioenez. Covite biktimen elkarteak haren parte hartzearen aurka egin zuen, Segurako auzian EAEko Auzitegi Nagusiak zigortu egin duelako, ETAko kidetzat jota. Fonsecak dio EH Bilduk Arraizen partez Julen Arzuaga legebiltzarkidea bidaltzea erabaki zuela gero. Bizikidetzari buruzko ikastaroaren zuzendariak aitortu du biktimen elkarte batzuk politika berrien aurkako jarrerarekin dabiltzala. "Guk Eraikiz esperientziakoak gonbidatu ditugu".

Haren arabera, "Madrilen ikusten da Euskadin bizikidetzaren alorrean gizartea instituzioen eta politikarien aurretik" doala, eta adibide gisa jarri du Eusko Legebiltzarrak Bake lantaldea abiatu ez izana. "Pauso berriak eman behar dira". Complutenseko ikastaro haren idatziak dio ETAk utzi zuenetik "elkarbizitza egonkortu" egin dela, "baina bakea berradiskidetze sozialaren ariketa bat ere bada; bizikidetza normalizatu soil batetik haratago doa. Ez da nahikoa zauriak orbaintzen joateko denbora pasatzen uztea; haiek kauterizatzeko ekinbide zehatzak behar dira".

Duela bi urte ere bai

Duela bi urte ere antolatu zuten Euskal Herriko elkarbizitzaz Complutense Unibertsitateko Udako Ikastaroa, orduan ere Jaurlaritzaren babesarekin (argazkian, orduan, Urkullu eta Fonseca). Ikastaroaren sarrera testuak zekarren ETAk jarduera armatua utzi ostean "zigor eta espetxe politika berria" behar dela, "indarkeriaren aroa behin betiko bukatzeko". Urkullu eta Fernandez mintzatu ziren orduan ere, baina euskal alderdietako ordezkarien hitzaldirik ez zen izan, eta, orain ez bezala, epaile batzuk aritu ziren: Joaquin Gimenez, Jose Ricardo de Prada, Jose Luis de Castro eta Jose Antonio Martin Pallin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.