'Bateragune auzia'. Auzipetuen iritzia

«Bakearen etsaiei erronka orokorra» egitera deitu du Otegik

Bost zigortuen izenean testu bat zabaldu du Otegik, eta estrategia orokor batean antolatu eta borrokatu beharra azaldu duAuzipetuek helegitea jarriko dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Bakearen etsaiak» lanean ari dira, Arnaldo Otegiren ustez. «Gero eta etsipen eta amorru handiagoz» ari direla ohartarazi du, eta xede bat lortu nahi dutela: «Ezker abertzaleak eta mugimendu subiranistek abian jarritako bake prozesua blokeatu, neutralizatu eta deuseztea». Zigor epaia jakin eta biharamunean egin du balorazioa Otegik, bere eta Rafa Diezen, Harkaitz Rodriguezen, Sonia Jacintoren eta Miren Zabaletaren izenean, www.arnaldotegi.com webgunean jarritako testuan.

Nolanahi ere, bide horri aurre egin behar zaiola nabarmendu du Otegik, eta, horretarako, borroka armatua desagertzea eta hauteskunde zein instituzioetan parte hartzea «nahitaezko baldintzatzat» jo dituen arren, «erronka orokorrerako estrategia» behar dela dio: «Antolaketa, borroka, bakezko desobedientzia...».

«Bakearen etsai» definitu dituen horiek Bateragune auziko epaiarekin bi helburu nagusi dituztela ziur da Otegi. Independentismoa baztertzea da bat, eta hauteskundeetarako hautagai bat neutralizatzea bestea.

Hain justu, atzo jakinarazi zuen Jone Goirizelaia abokatuak ere Otegik eta gainerako zigortuek babes helegitea jarriko dutela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta helegitea jartzearekin bat, bost lagunak libre uzteko eskatuko dutela, bestela, Konstituzionalak erabakia hartzerako zigorraren zatirik gehientsuena beteta edukiko dutelako. 20 eguneko epea dute horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.