Bakebidean pausoak emanez gero EAJ «leial» izango zaiola esan dio Urkulluk Raxoiri

Espainiako Gobernuak pausoak ematen jarraituko duela adierazi du EAJko buruak, Mariano Raxoirekin Moncloan bildu osteanUrkulluk uste du PPk «inoizko babesik handiena» izango duela bakea sendotzeko

edurne begiristain
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bi eskakizun eraman dizkio Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari: batetik, bake prozesuan eta normalizazio politikoan pausoak ematen jarraitzeko, eta, bestetik, krisi ekonomikoaren inguruan «gardentasunez» jokatzeko eta «adostasun handia» lortzen saiatzeko. Bi ordu luzez egon dira bilduta EAJko burua eta Espainiako presidentea, Moncloako jauregian. Giro «adeitsuan» mintzatu dira, eta elkarri «zintzotasunez» eta «errespetuz» hitz egin diote, Urkulluk bilera amaitutakoan komunikabideei azaldu dienez.

Euskal Herrian hasi den aro berriari dagokionez, aukera baliatu beharra dagoela esan dio Urkulluk Raxoiri. «Elkarrekin gainditu dezakegu terrorismoaren orri hau, legedia eskuan izanda. Beharrezko ikusten dugu ETAren indarkeriaren bukaera, eta baikortasunez ikusten ditugu denek politika egiteko aukera izango duten hauteskunde autonomikoak», azaldu du. Alabaina, EAJko buruak iritzi dio Espainiako Gobernuak pauso gehiago eman behar dituela prozesua zapuztu ez dadin. Metafora batekin helarazi dio mezu hori Espainiako presidenteari: «Bizikletatik erortzeko arriskua dugu, pedalei eragiten ez badiegu».

Elkarlanerako proposamena egin dio Urkulluk Raxoiri. Bake eta normalizazio politikoaren bidean pausoak emanez gero EAJren babesa izango duela eta jeltzaleek «leialtasunez» eta «diskrezioz» jokatuko dutela agindu dio Espainiako presidenteari. Areago, prozesua sendotzeko prest egonez gero Raxoik «inoizko babesik handiena» izango duela esan dio.

EAJko presidenteak, baina, ez du jakinarazi zer proposamen egin dizkion Raxoiri, ezta Espainiako gobernuburuak zer erantzun dion ere, baina baikor azaldu da. Uste du, gainera, orain arte zenbait pauso «positibo» eman dituela, besteak beste, presoen gizarteratze plana martxan jarri izana eta Kongresuan Bildu eta Amaiur legez kanpo uztearen aurka bozkatu izana. Hala ere, adierazi du PPren gobernuak oraindik «iraganeko diskurtsoak» atzean utzi behar dituela.

EAJko presidentearen proposamenak «adi» jarraitu ditu Raxoik bileran, Moncloako iturriek albiste agentziei esan dietenez. Horiei, baina, irmo eutsi die Raxoik, eta esan du pauso garrantzitsuena ETAk eman behar duela, desegiteko erabakia hartuta.

Bestalde, egoera ekonomikoa ere aztertu dute bileran, eta EAJko buruak estatu itun bat eskatu dio Raxoiri, finantza krisiari eta instituzionalari aurre egiteko. Halaber, Europak bultza dezakeen batasun fiskala dela eta, kontzertu ekonomikoa defendatzeko eskatu dio.

Bilerari buruzko kritikak

Urkulluren eta Raxoiren arteko bilerak erreakzio ugari sortu ditu. Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak salatu du «gero eta agerikoagoa» dela UrkulluEAEko «Raxoiren gizona» dela. Pastorren ustez, «lotsagarria» da EAJko buruak Espainiako presidentearengana jo behar izatea lehendakaria izateko hautagaitzari «zilegitasuna emateko».

Bestalde, ezker abertzaleak salatu du EAJk «oxigenoa» eman diola PPren «blokeo estrategiari». Maribi Ugarteburuk uste du Urkulluk bizkarra eman diola Aieteko Adierazpenari eta Gernikako Akordioari, eta poliki-poliki «estatuaren eta statu quo-a mantentzearen aldeko apustua irudikatzen» ari dela. «Epe motzeko interes alderdikoien» gainetik, Euskal Herriaren alde lan egiteko garaia da, Ugartebururen ustez.

Aralarren irudiko, Urkulluk alderdien arteko akordioak eta herrien artekoak «nahasten» ditu, eta EAJko burua planteamendu horrekin joan da Raxoirengana, eta lehen halaxe joaten zen Jose Luis Rodriguez Zapaterorengana. «Euskal Herrian akordioa erdiesteko ahalegina egin behar da».

Bide beretik egin dizkio kritikak EAk: «EAJk nahiago du Madrilera begiratu, Euskal Herriari erreferentzia politiko eta erabaki esparru gisa begiratu baino». Ikerne Badiolak esan duenez, EAJk gustuko du «gobernagarritasunarekin jolastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.