Baketzea «uste baino hobeto» doala dio Egigurenek

PPk baketzea trabatzen badu PSE-EEk harekin duen akordioa hautsi beharko duela esan du PSE-EEko presidenteak

jon olano
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bakea lortzeko bidean PPk PSE-EEri trabak jartzen badizkioPSE-EEk PPrekin hautsi egin beharko duela adierazi du PSE-EEko presidente Jesus Egigurenek. «Bakea lortzeko sartu ginen Eusko Jaurlaritzan, eta PPk helburu hori trabatzen badu, haiekin dugun akordioa hautsi egin beharko dugu», ziurtatu du. Gainera, maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren EAJrekin akordioak egiteko asmoa agerian utzi du Egigurenek, eta aukera horri ezin diola betorik jarri gogorarazi dio PPri.

«Oso ondo», «uste baino hobeto» eta «izugarri ondo». Hala doa bake prozesua — «azken egunotan okertu ez bada»—, Egigurenen arabera. Bake prozesuak «luzeak» direla eta hala izan behar dutela uste duen arren, bide horretan ematen ari diren pausoak «uste baino azkarrago» doazela adierazi du Egigurenek, eta «maximalismoak alde batera uzten badira» prozesua ongi amaituko delakoan dago. Hala ere, «gauzak politika arloan ez badira egiten, prozesua puskatu egingo da», gaineratu du.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu zuten atzo Egiguren. Azaldu zuenez, legeztatzearen auzia «irabazita» dauka Sortuk, baina ez daki legeztatze hori «noiz eta nola» gertatuko den. «Sortu legeztatzen ez duten bitartean, denbora galtzen ari gara, ezin baikara haiekin batzartu», esan du. Bilduri gainontzeko alderdiei emandako tratu bera eman behar zaiola uste du.

Azken egunotan izandako atxiloketen eta iragan astean Frantzian gertatutako tiroketaren harira, Egigurenek ez du uste ETA berrantolatzen ari denik. «Su-etenean egotea ez da zulo batean geldi egotea. Jan eta mugitu egin behar dute». Haatik, haren iritziz, ezin da baztertu ETAren barnean zatiketa bat gerta daitekeela.

Parot doktrinaz ere jardun zuen Egigurenek. Troitiño eta Sagardui «legeari jarraituz» aske geratu direla oroitarazi du. Haren irudiko, doktrina «ez dator bat Espainiako zigor zuzenbidearen espirituarekin». Izan ere, ohartarazi zuenez, zuzenbidearen xedea ez da zigortzea, presoak bergizarteratzea baizik.

Lopez ez dator bat

Eusko Jaurlaritza eta haren lehendakari Patxi Lopez ez datoz bat PSE-EEko presidentearen hitzekin. «Eusko Jaurlaritzaren politika da, PPk babestuta, ETA ahultasunera eta ezker abertzalea legezkoa izateko bidera eraman dituena», dio Lehendakaritzako oharrak.

Egigurenek Frantzian gertatutako tiroketari buruz eginiko interpretazioarekin ere Lopez ez dagoela ados dio oharrak: «Terrorismo ekintza larria izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.