Fernando Alonso Abad euskal presoa baldintzapean aske gelditu da 24 urte presondegian eman ondotik. Espainiako hainbat presondegitan egon da orain arte, eta hirugarren graduan eman ditu azken hilabeteak Martutenen (Gipuzkoa). Apirilean onartu zioten erregimen malgutzea, baina koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, hilabete batzuk beranduago gauzatu zen.
1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak Andoni Murga Zenarruzabetiarekin batera, ETAko kidea izatea leporatuta. Egin egunkariko kazetariak ziren biak. Presondegian egon den urteetan zehar liburu bat baino gehiago idatzi ditu Alonso Abadek, horien artean, El repartidor de sueños (amets banatzailea) ipuin bilduma 2000. urtean, eta ¿Por qué luchamos los vascos? (zergatik borrokatzen dugu euskaldunok?) saiakera 2004. urtean.