Auzitegi Nazionalak gibelera bota ditu Iparragirreri eta Karasatorreri ezarritako erregimen irekiak

Kartzela araudiko 100.2 artikulua aplikatzea ukatu die epaileak, sistema horretan zigorrak «gehiegi» arintzen direla argudiatuta. Bi euskal presoei bigarren gradua berrezartzeko agindu du.

Marixol Iparragirre Martuteneko kartzelatik ateratzen, joan den martxoan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Marixol Iparragirre Martuteneko kartzelatik ateratzen, joan den martxoan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 22a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok gibelera bota ditu Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoei ezarritako erregimen irekiak, eta bigarren gradua berrezartzeko agindu du. Hurrenez hurren, Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetako tratamendu batzordeek erabaki zuten bi preso horiei 100.2 artikulua aplikatzea, astean zehar eta egunez espetxetik atera ahal izateko, baina Castro epaileak kontra egin du, eta artikulu horretan aldaketa batzuk egiteko proposatu dio botere judizialari, zigorrak «gehiegi» arintzen dituela iritzita. Bigarren graduaren eta hirugarrenaren arteko gradu bat da 100.2 artikuluak baimentzen duena, eta Eusko Jaurlaritzak berretsi ondotik aplikatu zioten batzordeek Iparragirreri eta Karasatorreri. Zaintza Epaitegi Zentrala izan da gaur hori gibelera bota duena.

Edonola ere, Castro epailearen autoa ez da irmoa, badago errekurritzeko aukera, eta Iparragirreren kasuan helegitea aurkeztuko duela iragarri du defentsak; Karasatorreren auzia aztertzen ari dira oraindik. Irmoa ez izanda ere, baina, aplikatu eginen dute, eta bihartik aitzinera espetxe barnean geratu beharko dute Iparragirrek eta Karasatorrek.

Epailearen aburuz, artikulua «nahasmendu hutsa» da, eta ez dio inori «mesederik» egiten. «Barnean dagoenari itxaropen faltsuak sortzen dizkio, eta senideei beharrezkoa ez den kezka bat eragiten die». Iparragirreren kasuari dagokionez, Castrok erran du akusatuak «gertu samar» duela zigorraren hiru laurden betetzea, baina behin betiko askatasuna ez diotela emango 2034ko irailera arte, orduan beteko baitu zigor osoa. Hurrengo urteko martxoan beteko ditu hiru laurdenak, eta baldintzapean aske utzi beharko lukete orduan. 

Espetxe espedientea ikusita, epaileak aitortu du «positibotzat» jotzen duela haren jarrera, baina kartzelak «epaitegiaren baimenik gabe» hartu dituela erabakiak, eta hori ez dela Espainiako espetxe sistemak agintzen duena. Gainera, egozten zaizkion delituen «larritasuna» nabarmendu du.

Sare Herritarrak erantzuna eman du sarean, eta salatu du Iparragirreren eta Karasatorreren kasuei 100.2 artikulua baliogabetzeak «agerian» uzten duela eremu judizialek, politikoek eta lobbyek duten «mendeku gosea». «Etorkizunaren eraikuntzan, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko apustuan jarraituko dugu lanean».

2004an atxilotu eta espetxeratu zuten Iparragirre, eta hogei urteko zigorra ezarri zioten; Frantzian egon zen preso 2019ra arte. Orduan entregatu zion Frantziak Espainiari, Auzitegi Nazionalaren euroagindu bati men eginda. ETAren zenbait ekintzatan parte hartzea egotzi diote Iparragirreri.

Joan den urteko irailean ebazpen bat argitaratu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, eta Espainiari gogorarazi zion ezin dela bertze estatu batean zigortutako pertsona bat ekintza beragatik berriz epaitu. Izan ere, ebazpen horrek ETAk 1997an Oviedon (Espainia) egindako atentatu bati egiten zion erreferentzia, eta esplikatu zuen Frantziako Estatuan gertakari berengatik epaitu zutela Iparragirre. Aurtengo otsailean absolbitu zuten auzi horregatik, EBko Justizia Auzitegiaren aginduen eta froga falten ondorioz.

Bertzalde, martxoan, bigarren gradu «malgua» eskuratu eta egun gutxira, Revuelta talde ultraeskuindarra Eskoriatzara (Gipuzkoa) joan zen —hangoa da Iparragirre—, eta eskuorri batzuk banatzen hasi. Halaxe zioten horietako batzuek: Sanchez y Bildu han liberado a un asesino en tu barrio (Sanchezek eta Bilduk hiltzaile bat askatu dute zure auzoan).

Akusazio gehiago

Hainbat alditan epaitu dute euskal presoa. Horietako batean, 2022an, Auzitegi Nazionalak erruduntzat jo zuen, eta frogatutzat eman zuen hark gidatu zuela 1985ean Gasteizen Espainiako Poliziaren kontra egiten saiatzeko erabilitako autoa. 425 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Edonola ere, ez zen gertakari horregatik epaitzen zuten estreinako aldia: 2020an fiskaltzak 488 urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, akusatuak deklaratu arren hark ez zuela atentatu hartan parte hartu. Espainiako Auzitegi Gorenak errugabetzat jo zuen hasieran, baina Gorenak baliorik gabe utzi zuen epaia, argudiatuta Iparragirrek «argudio ez-arrazionalak» erabili zituela. Epaiketa berriz egiteko agindu zuen, eta «frogatutzat» jo zuen hark zeramala autoa.

Aitzinetik zeuzkan akusazioei bertze bat gehitu zion Auzitegi Nazionalak 2024an: ETAko lau kide ohi auzipetu zituen, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenaren bahiketan eta hilketan zerikusia izan zutela leporatuta. Eta lau horietako bat zen Iparragirre. Autoak esplikatzen zuen «talde armatuko buruzagi guztien onespena beharrezkoa» izan zela Blanco bahitzeko, eta «lau auzipetuek haren hilketa eragozteko aukera izan zuten arren» ez zutela «deus ere» egin. Beraz, horrek zera erakusten duela, «borondatea» zeukatela hura akabatzeko, «zalantzarik gabe».

Aske geratu da andoni goikoetxea euskal presoa

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, aske geratu da Andoni Goikoetxea euskal presoa, 11 urte eta erdiko zigor osoa bete ondotik. 2013an kartzelatu zuten, Frantziako Estatuan, eta 2017ko abendura arte egon zen han preso. Handik bi urtera, baina, Guardia Zibilak atxilo hartu zuen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urteko zigorra betearazi zion; atzo atera zen espetxetik. Gaur-gaurkoz, 98 euskal preso daude espetxeratuta: 38 Martutenen, 26 Zaballan, lau Basaurin, bi Iruñean eta bakarra Lannemezanen. Etxean dira gainerakoak, kontrol neurriak aplikatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA