Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ohar bat argitaratu du gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirre euskal presoaren kasuaren harira egindako galdera bati erantzunez. Ebazpenean, auzitegiak Espainiari gogorarazi dio ezin dela beste estatu kide batean zigortutako pertsona bat ekintza beragatik berriz epaitu. Ez du argitu, baina, Iparragirreri egozten dioten atentatua jada epaituta ote dagoen, eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi du hori erabakitzea.
Iparragirre 2004an atxilotu eta espetxeratu zuten, eta hogei urteko zigorra ezarri zioten. Hala, Frantzian egon zen preso 2019ra arte. Orduan entregatu zion Frantziak Espainiari, Auzitegi Nazionalaren euroagindu bati men eginda. ETAren zenbait ekintzatan parte hartzea egotzi diote Iparragirreri, baina gaur argitaratutako ebazpenak ETAk 1997an Oviedon (Espainia) egindako atentatu bati egiten dio erreferentzia.
Auzitegi Nazionalak ez zuen argi ikusi auzia, Iparragirreren aurkako auzibideak Frantzian epaitu eta zigortutako delituen oinarri berbera izan zezakeelakoan, haiek erreferentzia egiten zietelako «ETAko buruzagi bezala MSIGk [siglak erabiltzen dituzte oharrean] egindako delitu ekintza guztiei». Hala, 2021ean ebatzi zuen bis in idem kasu bat zela. Ebazpen hura, baina, bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak 2023an, eta Auzitegi Nazionalari agindu zion beste ebazpen bat egiteko. Orduan hartu zuen Auzitegi Nazionalak Europara jotzeko erabakia.
EBko Justizia Auzitegiaren arabera, idem kontzeptuak ekintza «berbera» den kasuei egiten die erreferentzia, eta gehitzen du bi estatu kidetan kalifikazio juridiko ezberdinak ematea ezin dela eragozpen izan non bis in idem printzipioa aplikatzeko. Hau da, gauza beragatik bi aldiz ez epaitzeko. Halere, ez du baieztatzen edo ezeztatzen kasu horretan hala den, eta Auzitegi Nazionalaren esku uzten du erabakia.