Balio ez duen eredua

Iñigo Cabacas hil eta urtebetera, polizia ereduari buruzko mahai ingurua egin dute Paul Rios, Joseba Nafarrate, eta Stop Bales de Goma zein ELAko kide banak. Ondorioa argia izan da: aldarazi egin behar da polizia eredua.

Mahai inguruan parte hartu zuten hizlariak, atzo, Bilboko Hika Ateneoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tesi nagusian guztiek egin dute bat: Ertzaintza eredu hau ez da onargarria; aldatu beharra dago. Akatsak ikusi dizkiote guztiek; gabeziak; gehiegikeriak; abusuak; inpunitatea. Eta bat egin dute ondorioa plazaratzerakoan ere: «Ezin da onartu». Aldarazi egin behar da. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota hil zuen Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren urteurrenaren harira Iñigo Gogoan herri ekimenak antolatutako ekitaldi sortaren barruan, polizia ereduari buruzko mahai ingurua izan zen atzo iluntzean Bilbon. Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek oso larri zauritu zuen Xuban Nafarrateren aita Joseba Nafarrate, Kataluniako Stop Bales de Goma plataformako Carles Guillot eta sindikatu barruan Ertzaintzaren atala biltzen duen ELAren zuzendaritzako Xabier Anza aritu ziren hausnarketan.

ELAk polizia ereduari buruzko eztabaida duela hogei urte mahai gainean duela azaldu du Anzak. Ez instituzioek ez alderdiek ez dutela gaiari buruzko hausnarketarik egin salatu du, eta eskerrak eman dizkie mahai inguruaren antolatzaileei. «Orain arte inork ez nau halako eztabaida batera gonbidatu». Eta horixe egin beharra dagoela sinetsita dago ELAko buruzagia: Polizia ereduari buruzko hausnarketa sakona egin , eta eztabaida hori ahalik eta eragile gehienen artera zabaldu. Izan ere, Ertzaintzak herritarrekiko duen urruntasuna hautsi beharra dagoela sinetsita dago, eta «poliziaren azpikultura» gainditu behar dela.

Poliziaren lana ez dela kanpotik dirudien bezain erraza ohartarazi ondoren, egungo eredua aldarazi behar zaiola esan du. Eta, zentzu horretan, Ertzaintzaren jokabidearen inguruko «isiltasun pareta» kritikatu du; gardentasuna eskatu: «Polizien lana defendatzea ez da isilpean aritzea defendatzea, gardentasunaren aldeko apustua egitea baizik». Hortaz, Ertzaintzaren eta bertako agintarien jarrera asko ulerkaitzak zaizkiola onartu du, batez ere Joseba Nafarrateren testigantza gordina entzun ondoren.

Ertzaintzak ia hil zuen gazte baten aita izanik, beretzat «poliziarik onena existitzen ez dena» dela aitortu ondoren, bere familiak jasandako gehiegikerien berri eman du. «Ezin da izan gobernuek eta sailburuek gezurra esatea; ezin da izan ikerketak oztopatzea; ezin da izan poliziek atestatu faltsuak egitea; ezin da izan Ertzaintzak auzitegitik froga diren bideo batzuk hartu eta libreki manipulatzea. Inmorala izateaz gain, legez kanpokoa da!», esan du bere kasuan oinarrituta.

Agintarien eta Ertzaintzako kideen «giza kalitate ezak» harritu du gehien Nafarrate. Eta, poliziaren jarduna zuzenduko bada, hortik hasi behar dela ohartarazi du.

Paul Riosek ere, polizia eredua aldatzeko unea dela azaldu du: «Bake prozesu guztietan oso alor garrantzitsua izan da polizia eredua». Ertzaintzak giza eskubideen bermatzaile izan behar duela nabarmendu du, eta egun, indarra erabiltzen besterik ez dakiela. Gehiegikeriak batzorde independenteek ikertzeko premia ere azaldu du: «Ez da normala salatzen ari zaren polizia hori bera izatea salaketa ikertzen duena». Halaber, poliziaren egitekoei buruz arituko den batzorde bat sortzea proposatu du, eta bertan gizarte eragileek ere parte hartzea.

Entzuleek ELAren ordezkariari igorri dizkiote galdera gehienak. Hitzetatik haratago, neurriak hartzeko proposatu diote: esaterako, agindu okerren aurrean fede oneko ertzainek planto egin dezatela proposatu diote.

Protesta Nafarroan eta Bilbon

Poliziak herritarren aurka erabiltzen duen indarkeria Iruñean ere salatu zuten atzo. Irailaren 26ko greba orokorrean Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota batek begian jo, eta Aingeru Zudaire gazteari ikusmena galdu arazi ziola salatu zuten Nafarroako Grebalarien Kolektiboak zein Iñigo Gogoan eta Stop Bales de Goma plataformek. «Protesta sozialen aurka erabiltzen den errepresioa» gaitzetsi, Zudaireri egindakoagatik ardurak eskatu, eta Atarrabian bihar ekitaldi sorta egingo dutela iragarri zuten. Atarrabiako Udalak ere adierazi du gomazko piloten aurkako jarrera.

Bilbon, bihar egingo du protesta Iñigo Gogoan herri ekimenak 18:00etan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.