Barakaldon hildako etxegabea omendu du Beste Bi plataformak

«Pertsona guztiek ostatu duin bat izateko eskubidea» aldarrikatu dute, eta arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko estrategia bat garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Elkarretaratzea egin du Beste Bi plataformak, gaur goizean, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko irailaren 7a
14:03
Entzun

42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) Bagatza auzoko kutxa automatiko batean. Bilboko emakume hori oroitzeko eta «pertsona guztiek ostatu duin bat izateko eskubidea» aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin du Beste Bi plataformak, gaur goizean, Barakaldon. «Gaur egungo sistemak etxerik ez duten pertsonei bakarrik egozten die beren egoeraren erantzukizuna. Gizarte bazterkeria arazo estrukturala eta gero eta handiagoa da, are gehiago desberdintasun hori eta beste batzuk jasaten dituzten emakumeei dagokienez», nabarmendu dute Beste Bi plataformakoek.

Herritarrei eskatu diete «arazo larri» hori dela-eta ez egiteko ez ikusiarena: «Errealitate hori, etxegabetasunik gogorrena, gure kaleetan gaua pasatzen duten pertsonena, ikusi ere egiten ez badugu, nola izango gara gauza etxerik ez izateak zer esan nahi duen ikusteko eta pentsatzeko?». Inork kalean bizi beharrik izan ez dezan, «estrategia orokor, argi eta koordinatu bat» garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko.

Aurrerantzean gaurkoa bezalako beste elkarretaratzerik egiteko beharrik egon ez dadin, «elkarrekin» lan egiteko mezu bat helarazi du Beste Bi plataformak: «Hausnarketa partekatu bat egin behar dugu, kalean beste inor hil ez dadin, harik eta egunen batean elkartu behar ez dugun arte, etxerik ez zuen norbaiten heriotza gogoratzeko».

2006an sortu zuten plataforma, eta etxebizitza eskuratzeko eskubidearen eta etxerik gabeko pertsonen alde egiten dute lan Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.