Maniobra militarrak

Bardeako bonbardaketa dela eta, azalpenak emateko eskatu diote Carmen Albari

Hamahiru egunetan benetako bonbekin bonbardatuko dute Bardea astelehenetik hasita. Bardeako Komunitateak eremu militarraren inguruko errepidea itxi du gaur arte, irailaren 28tik urriaren 2ra eta urriaren 5etik 9ra.

Bonba bat lehertzen, maiatzeko bonbardaketan. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 14a
12:56
Entzun

EH Bilduren eskariz, Nafarroako Parlamentuak azalpenak ematera joateko eskatu dio Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariari. Alba ez dago joatera derrigortuta, eta beste aldi batzuetan ez da joan, baina Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak esan du parlamentua informatu eta azalpenak eman beharko lituzkeela, "errespetuagatik". Koldo Martinez Geroa Bai-ko parlamentariak gaineratu du Bixente Serrano Izko Espainiako Kongresuko parlamentariak Pedro Morenes Defentsa ministroari eskatu dizkiola azalpenak Espainiako Kongresuan, eta Serrano Izko Nafarroako Parlamentuaren bozeramaile izango dela, Nafarroako ganberak eskatu izan baitu tiro poligonoa ixteko.

Espainiako Defentsa Ministerioak ez gaur hasi diren maniobren berri eman, baina Bardeako Komunitateak iragarri duenez, Espainiako armadak hamahiru egunez benetako armekin egingo ditu maniobra militarrak Bardean. Bardeako Komunitateak zonalde militarraren inguruko errepidea itxi egin du horregatik. Izan ere, aurreko maniobra batzuetan bonba bat segurtasun eremutik kanpo erori zen, handik pasatzen ari zen bikote batengandik gertu, eta uztailean turista katalan bat balaz zauritu zuten, hori ere segurtasun eremutik kanpo zegoela.

Nafarroako egunkariak zehaztu du maniobra horiek ez direla NATOren egutegian sartzen, asteburuetan etengo dituztela eta Game of Trones telesaila errodatzen ari den egunak ere ez dituztela egingo (irailaren 20tik 25era. Hamahiru egunez botako dituzte benetako bonbak, baina guztira hiru aste iraungo dute maniobra militar horiek. Amaitzen direnean Trident Juncture 2015 izeneko nazioarteko maniobra militarrak hasiko dira. Ablitasko aerodromoa erabiliko dute horietan.

Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak hainbatetan eskatu dute Bardean maniobra militarrak bertan behera uzteko. Uztailean turista katalan bat balaz zauritu zuten segurtasun eremutik kanpo zegoela. Azalpenak emateko, Pedro Morenes Espainiako Defentsa ministroa Kongresuan izango da aurki. Maiatzeko beste maniobra batzuetan hamar tona bonba bota zituen Bardean Espainiako armadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.