Bardeako tiro eremua ixteko eskaera Espainiako Kongresura eraman dute EH Bilduk, EAJk, Sumarrek eta Podemosek. Legez besteko proposamen bat erregistratu dute, Defentsa Ministerioari eskatzeko, batetik, ez dezala berritu tiro eremuaren alokairu kontratua —2028. urtera arte egonen da indarrean—, eta bestetik, «bertan behera utz ditzala» Bardean egiten diren jarduera militarrak. Heldu den asteazkenean eztabaidatuko dute eskaera Kongresuko osoko bilkuran. Auziak, gainera, segida izanen du ostegunean Nafarroako Parlamentuan, taldeek mozio bat aurkeztu baitute bertan, tiro eremua itxi dezatela eskatzeko.
Legez besteko proposamena aurkeztu duten taldeen ustez, 2028an kontratua bukatzeak aukera emanen du «etapa hori behin betiko ixteko eta lurralderako bestelako etorkizun baterako bidean pausoak emateko». Hori helburutzat hartuta, zera eskatu diote Espainiako Gobernuari: bertan behera utz dezala Bardea «defentsarako lehentasunezko intereseko eremu» izendatzen duen adierazpena, eta plan bat landu dezala Nafarroako Gobernuarekin eta Bardeako Batzordearekin batera, eremuaren «moldaketa eta sustapen ekonomikoa» zehazteko, eta baita inguruko erakunde eta udalerrientzako alternatiba ekonomikoak adosteko ere.
EH Bilduk azpimarratu du tiro eremua ixtea «Nafarroako aldarrikapen historiko, sozial eta instituzionala» dela: «Garaia iritsi da, 75 urteko jarduera militarraren ondoren, frankismotik jasotako eta nafarren borondatea kontuan hartu gabe hamarkadetan mantendutako inposizio bati amaiera emateko». Koalizio independentistak Espainiari eskatu dio aprobetxa dezala 2028an kontratua amaituko dela, «benetako desmilitarizazio prozesu bati ekiteko».
«Gerren goranzko betean, EH Bilduk bakearen eta desmilitarizazioaren aldeko apustua berretsi du. Baliabide publikoek bizitzaren eta herritarren ongizatearen zerbitzuan egon behar dute, ez gerraren zerbitzuan», adierazi dute ohar batean.