Urduri, emozionaturik ia eman du Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak Uxue Barkos Nafarroako presidente hautatzeko bozketaren berri. Lehenik, Maiorga Ramirez Parlamentuko lehen idazkariak irakurri du bozketaren emaitza: Barkosen alde bozkatu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako parlamentariek, eta 26 botoekin gehiengo osoz izendatua izan da presidente, lehen bozketan. PSN abstenitu egin da, aurretik iragarria zuen bezala, eta kontra hamazazpi boto zenbatu dituzte, UPNrenak eta PPNrenak.
26 baiezko, 17 ezezko, 7 abstentzio. Horixe emaitza @berria#Inbestidura#Barkos
— Jone Amonarriz (@JoneAmonarriz) July 20, 2015
Berehala, txalo zaparrada bat entzun da Nafarroako Parlamentuan. Parlamentari asko eta asko zutitu egin dira; UPNkoek, berriz, eserita jarraitu dute. Adolfo Araiz EH Bildukoa eta Maria Txibite PSNkoa izan dira Barkos zoriontzen lehenak. Yolanda Barcina orain arteko presidentea eta Ana Beltran PPkoak ere, ordea, zoriondu dute.
Parlamentarien gehiengoa Barkosi txaloka @berria#Inbestidurapic.twitter.com/OhHbkVOLkg
— Jone Amonarriz (@JoneAmonarriz) July 20, 2015
Parlamentariek 17:30ean bozkatu dute azkenean Uxue Barkos presidente izateko hautagaitza. Egunean zehar Barkosek bere hautagaitza aurkeztu du, eta talde parlamentarioetako bozeramaileen agerraldiak entzun ditu. Aldaketaren alderdiek ongi-etorria eman diote Barkosi, eta babesa adierazi; UPNk, PSNk eta PPN, ordea, estu hartu dute, baina bere erantzunean bere gobernuaren ardatza akordio programatikoa izango dela erantzun du Barkosek.
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeak izan eta ia hilabetera, Nafarroako zortzigarren presidente aukeratu dute, Geroa Bai (9), EH Bildu (8), Ahal Dugu (7) eta Ezkerraren botoekin (2). Aldaketaren alderdiak dira lau horiek, UPNk Nafarroa hemeretzi urtez gobernatu ondoren, denbora horretan guztian galdutakoa berreskuratu eta erkidegoaren egoera aldatu nahi dutenak. Ez zen posible izan 2007an (PSNk atzera egin zuelako), ezta 2011n ere (PSN gobernuan sartu zen UPNrekin); are gutxiago, 2014an (PSNk ez zuen babestu Barcinaren kontrako zentsura moziorik). Sozialistek azken urteetan babestu egin dituzte Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren gobernuak, eta, azkenean, PSN gabe iritsi da aldaketa. 26 botorekin ziurtatua izango du lehen bozketan Barkosek aukeraketa.
Akordio programatikoa izango da gobernu berriaren ardatza, Barkosek berak gaur azaldu duenez. Ostiralean sinatu zuten. Hilabete honetan hainbat bilera egin dituzte aldaketaren alderdiek, eta 74 orrialdeko txosten batean jaso dituzte lau urte hauetan hartu beharreko neurriak eta zuzendu beharreko politikak. Hala ere, sei arlotan ez dute oraindik adostasunik lortu, tartean euskararen ofizialtasunean, eta aurrerago zehazteko utzi dituzte. Adostasuna handia izan da, ordea, Barkosekin gobernua osatuko duten kontseilarien izenak zehazterakoan. Joan den ostegunean eman zuen zerrenda Barkosek berak, eta aldaketaren lau alderdiak pozik agertu ziren osatutako taldearekin. Bost emakume eta bost gizon izango dira, eta hamarretik zazpi, euskaldunak.
Barkosek asteazkenean hartuko du kargua, 11:30ean, eta, horren ondoren, berehala hartuko dute kontseilariek. Horiek ez dute parte hartuko parlamentuaren gaurko saioan, Barkosek ez dituelako parlamentariak bere gobernuan nahi izan, ez eta alderdietako kargu organikoak ere. Gobernu teknikoa osatu nahi izan du, eta kontseilari guztiek ibilbide luzea dute aukeratuak izan diren arloetan. Manu Aierdik, horregatik, parlamentari izateari uko egin beharko dio gobernuan sartzeko, eta, horrekin batera, Nafar Buru Batzarreko presidentetza ere utzi beharko du. Geroa Bairen talde parlamentarioaren bozeramaile zenez, lan hori Koldo Martinezek egingo du gaurtik aurrera.
Hitzaldien ostean, bozketa
Barkosen hitzaldiarekin hasi da inbestidura saioa. Mugarik gabeko tarte bat izan du bere programa eta hautagaitza aurkezteko. Gero, ordubeteko etena egin dute, eta hitza hartzen hurrengoak talde parlamentarioen bozeramaileak izan dira. Hauteskundeetan ordezkaritza handiena lortu zuenarengandik hasi dira, eta Javier Esparza UPNkoak, Koldo Martinez Geroa Baikoak, Adolfo Araiz EH Bildukoak eta Laura Perez Ahal Dugu-koak hitz egin dute. PSNkoa, PPkoa eta Ezkerra taldekoak arratsaldean egin dute, 15:30etik aurrera, uste baino azkarrago. Barkosek horiei erantzuteko aukera izan du gero, eta bozeramaileek azken erantzuna ematekoa, azkenik.
Hitzaldien saioaren ostean, parlamentuko presidenteak bozketa ordua eman du, 17:30erako. Bozketa sekretua izan da. Parlamentariak 51 dira, eta 26ko gehiengo osoarekin lehenengoan aukeratu dute Barkos presidente. Eta Aznarezek bozketa ontzat eman ostean, txalo zaparrada batean hartu dute parlamentariek Barkos. Yolanda Barcina presidente ohia ere joan zaio zorionak ematera presidente berriari. Barkos Nafarroako zortzigarren presidentea izango da asteazkenetik, Jaime Ignacio del Burgo (UPN-PP), Juan Manuel Arza (UCD), Gabriel Urralburu (PSN), Juan Cruz Alli (CDN), Javier Otano (PSN), Miguel Sanz (UPN) eta Yolanda Barcinaren ondotik (UPN).