Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak bereziki nabarmendu du bera eta beste hainbat euskal herritar torturaren biktima gisa aitortu izanaren garrantzia, eta esan du onarpen soziala ez ezik aitortza instituzionala ere lortzeko bidea hasia dela Euskal Herrian. «Horrek balio handia dauka gertatu zenari ikusgarritasuna emateko, baina, batez ere, bizikidetzako eta berriz ez gertatzeko baldintzak sendotzeko». Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak ostiralean jakinarazi zuten Nafarroako Gobernuak torturaren beste 21 biktima aitortu dituela, eta horien artean da Barrena.
EH Bilduko kidea 1985ean atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, 19 urte zituela. Hain zuzen, ETB1eko Egun on saioan egindako elkarrizketan adierazi du bihar beteko direla 40 urte ordutik. Barrenak duela urtebete baino gehiago eman zien torturen berri Nafarroako Gobernuak ezarritako perituei, eta azaldu du ordutik aitortza iristerako izan duela bere burua prestatzeko tartea, nahiz eta aitortu duen ez dela ariketa erraza izan: «Leku ilun batean gordetako gauza batzuk azaleratzen dira berriro».
Barrenak martxan den aitortza prozesuaren garrantzia nabarmendu du, agerian geratzen ari baita tortura «bortxa politikorako tresna» gisa erabili zela: «Euskal Herrian, herritar guztiek zekiten hori gertatzen zela. Aitortzen bidez, gutxinaka, oinarri sendo bat ezartzen ari gara».
Instituzioen artean torturarekiko dauden interpretazioei buruz galdetuta, berriz, «'kontakizunaren gatazka' deitu izan denari» erreparatu dio Barrenak. Uste du fenomeno hori apaltzen ari dela. Atzera begiratuz, gogoratu du hainbat agintari politikok eta hedabidek ukatu egiten zutela tortura bazenik ere: «Salatzen zutenei esaten zitzaien propio egindako akusazioak zirela, segurtasun indarrak itsuste aldera. Zera ere esan zuten: bazela eskuliburu bat, eta han jartzen zuela atxilotuek tratu txarrak salatzeko betebeharra zutela».
Aurrera begira, Barrenak espero du aitortzek balio izatea etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko. Hain zuzen, haren ustez, ezinbestekoa da egia osoa jakitea, eta baliteke aitortzek «oinarri sendoak» ezartzea urrats gehiago egiteko. Besteak beste, Iratxe Sorzabal euskal presoaren kasua aipatu du: gogora ekarri du Espainiako Auzitegi Nazionalak lehen aldiz ebatzi duela hain argi euskal herritar bat torturatua izan zela. Atzo, berriz, torturapean egindako autoinkulpazioetan oinarritutako ebazpen judizialak ere aipatu zituen. Europarlamentariak uste du horiek berrikusi egin beharko liratekeela.
Era berean, adierazi du inportantea dela jakitea zer gertatu zen eta nortzuk parte hartu zuten: «Erantzukizun politiko batzuk esleitu daitezke. Torturak egin zituzten polizien atzean instituzio batzuk eta gobernu batzuk zeuden. Hor ardura politikoak daude». Halere, gehitu du ez diola gaiari «ikuspegi punitibista» batetik erreparatu nahi.