Nafarroako Gobernuak torturaren beste 21 biktima aitortu ditu

Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak torturatu zituzten, 1980tik 2011ra bitarte. Egiaren Garaia Da dinamikak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Torturaren Biktimak Babesteko Eguna balia dezala erantzukizuna bere gain hartzeko.

Nafarroako Gobernuak estatuaren biktimak aitortzeko egindako ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Gobernuak estatuaren biktimak aitortzeko egindako ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 6a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak torturaren beste 21 biktima aitortu ditu, eta jada 48 dira, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dutenez. Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak torturatu zituzten, 1980tik 2011ra bitarte. Hain zuzen, bi eragileek adierazi dute hiru hamarkadako denbora tarte horrek tortura «ahalbidetu eta erabiltzeko prestaturiko egitura oso baten» existentzia islatzen duela, eta gertatutakoa osorik argitzeko urratsak eskatu dituzte. 

Egiaren Garaia Da dinamika osatzen duten bi taldeek azaldu dute aitortu berri dituzten 21 biktimak «lagin txiki bat» soilik direla, baina erakusten dute torturaren erabilera ez dela ausazkoa izan: «Tortura sistematikoki aplikatu da Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Hainbat eragileren ukazioa eta kontakizun interesatua bezain sistematikoa izan da». Izan ere, 1980tik aurrerako bosturteko guztietan bada gutxienez kasu bat. Azkenak Egoi Irisarri, Eneko Villegas eta Xabier Beortegiren kasuak dira. Irisarri eta Villegas Espainiako Poliziak torturatu zituen, 2010ean; azkena, berriz, Guardia Zibilak, 2011n.

Era berean, badira behin baino gehiagotan torturatu zituzten zenbait biktima. Izan ere, 21 lagun aitortu badituzte ere, Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak emandako azalpenetan 31 tortura kasu ageri dira: Espainiako Poliziaren 21, Guardia Zibilaren bederatzi eta Ertzaintzaren bat. Esaterako, Aitor Diez hiru aldiz torturatu zuten: Guardia Zibilak 1990ean, Ertzaintzak 1995ean, eta Espainiako Poliziak 1997an. Aitortza jaso duten biktimen artean dago Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria ere.

Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak ontzat jo dituzte aitorpenak: «Nafarroan inongo bazterketarik gabe estatuaren biktima guztien egiarekin eta justiziarekin konprometituko den elkarbizitzarako esparru bat eraikitzeko bidean aurrerapausoak direla uste dugu».

Halere, uste dute urrats gehiago egin behar direla, eta instituzioei eskatu diete auzi horri «erantzukizunez» erantzuteko. Zehazki, Nafarroako Gobernuari erreparatu diote, eta hari esan diote hilaren 26a, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Eguna, aukera ona izan daitekeela urrats bat egiteko: «Erantzukizun publikoak nork bere gain hartu behar ditu, eta uste dugu Nafarroako Gobernuak, honi dagokionez, aurrera egin behar duela».

Azaldu dute torturaren eraginak ez direla guztiz ezagutzen, eta gehitu dute badela garaia Euskal Herrian izan duen «tamaina, dentsitatea eta intentsitatea» jasotzeko, kontrakoak birbiktimizazioa dakarrelako: «Hamarkadetan, pertsona askok isilean sufritu ditugu torturaren ondorioak, gure bizitzak eta gure hurbilekoenak markatu dituzten esperientzia traumatikoen pisua geurekin eramanez».

Izan ere, eragileek uste dute ezagutarazi beharra dagoela tortura horien zergatia eta horiek ahalbidetu zituen egoera politikoa, besteak beste, «zuzenbide estatuaren» babespean gertatu zelako. «Hori da berriro ere ez gertatzeko bermerik eraginkorrena», ondorioztatu dute.

EH Bilduk ere adierazi du «bakearen eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan» beste urrats bat egin dela, baina gogoratu du «icebergaren punta» besterik ez dela gaur jakinarazitakoa: «Estatuak sistematikoki erabili du tortura euskal ezker independentistaren aurka». Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako azterlanak aipatu ditu, eta azken asteetan sona hartu duten bi kasu: Auzitegi Nazionalak duela aste batzuk ebatzi zuen Iratxe Sorzabal torturatu egin zutela, eta NBEko Torturaren kontrako batzordeak Espainiari aurpegiratu dio Raul Fuentesen tortura salaketa ez ikertzea.

76 aitortza

Ebazpen hauekin, 76 dira Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako 16/2019 foru legearen pean aitortutako biktimak. Horietatik 48 torturaren biktima dira, eta bada torturen eraginez hildako beste bat ere.

Halere, Egiari Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen datuen arabera, beste ehun eskaera inguru geratzen dira ebazteko. Eta bi eragile horiek, laguntza eskainita, dei egin diete indarkeria politikoa pairatu eta oraindik eskaerarik aurkeztu ez duten nafar guztiei horiek aurkeztera. EAEn ez bezala, Nafarroan zabalik dago eskaerak egiteko epea, 2027ko uztailera arte.

aitortuak

  • Santi Agirre. Espainiako Poliziak 1980an (bi aldiz), eta Guardia Zibilak 1980an. 
  • Juanjo Agirre. Espainiako Poliziak 1980an (bi aldiz), eta Guardia Zibilak 1981ean. 
  • Santiago Saez. Guardia Zibilak, 1981ean. 
  • Manuel Azkargorta. Espainiako Poliziak, 1981ean eta 1984an.
  • Jaime Azkona. Espainiako Poliziak, 1982an.
  • Metxe Gonzalez Portillo. Espainiako Poliziak, 1983an.
  • Juan Jose Carrascosa. Espainiako Poliziak, 1984an.
  • Elia Lara. Espainiako Poliziak, 1984an eta 1987an.
  • Pernando Barrena. Espainiako Poliziak, 1985ean.
  • Elena Urubaien. Guardia Zibilak 1987an, eta Espainiako Poliziak 1990ean.
  • Aitor Diez. Guardia Zibilak 1990ean, Ertzaintzak 1995ean, eta Espainiako Poliziak 1997an.
  • Iban Verdugo. Guardia Zibilak, 1997an.
  • Miguel Angel Llamas. Guardia Zibilak, 1999an.
  • Aiora Epelde. Espainiako Poliziak, 2001ean eta 2003an.
  • Xabi Flores. Espainiako Poliziak, 2005ean.
  • Maider Caminos. Guardia Zibilak, 2008an.
  • Iker Araguas. Espainiako Poliziak, 2008an.
  • Mikel Marin. Espainiako Poliziak, 2008an.
  • Egoi Irisarri. Espainiako Poliziak, 2010ean.
  • Eneko Villegas. Espainiako Poliziak, 2010ean.
  • Xabier Beortegi. Guardia Zibilak, 2011n.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.