Barrenetxearen torturen epaia baliogabetzeko eskatu du Sortuk

Guardia Zibilak domina bat eman zion iaz auziko epaileetako bati. Lau polizia absolbitu zituzten

jon olano
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak 2016ko irailean Alfonso Gonzalez Guija magistratua kondekoratu izana «nahikoa arrazoi bada Sandra Barrenetxearen epaia baliogabetzeko». Horrela uste du Sortuk, eta salatu du hura torturatzea egotzita auzipetutako lau guardia zibilen absoluzioa «are eskandaluzkoagoa» dela orain.

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariaren galdera bati erantzunez baieztatu du Espainiako Gobernuak epailea saritu zutela iazko irailean; hain justu, Gonzalez Guijak berak Barrenetxearen aurkako torturen auzian lau guardia zibil epaitu baino sei hilabete lehenago. Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileek esan zuten Barrenetxearen testigantza «sinesgarria» zela, aitortu zuten ez zegoela frogarik faltsua zela esateko, baina salaketa berresteko «elementu periferikorik» ez zegoela arrazoitu zuten absoluzioa emateko.

Zehazki, Guardia Zibilaren Merituaren Ordeneko Gurutzea eman zioten epaileari. Domina hori eman ohi diete «erakundeko kide izan gabe Guardia Zibilaren misioak ondoen gauzatzen modu espontaneo eta eskuzabalean laguntzen dutenei».

Hori horrela, Sortuk eskatu du baliorik gabe uzteko epaia, eta «sinesgarritasun osoa» eman dio Barrenetxearen testigantzari:«Istanbulgo Protokoloak frogatutzat jo zuen Barrenetxearen testigantza. Tortura Euskal Herrian sistematikoa izan bada ere, Euskal Herrian egiaztatutako 5.657 kasuetatik bakan batzuk baino ez dira ikertu. Torturaren zigorgabetasuna erabatekoa da oraindik hemen». Halaber, uste du torturatu dela aitortzea «beharrezkoa» dela: «Benetako bakea eta bizikidetza lortzeko tortura biktima guztien aitortza, justizia eta erreparazioari heldu behar zaio. Ezinbesteko urratsa da jokaleku berri baterantz aurrera egiteko».

Bost domina urrian

Absolbitutako lau guardia zibiletako bat Fernando Huete Chaparro komandantea da. La Marea atariak zabaldu duenez, Guardia Zibilak bost domina eman dizkio polizia horri urrian. Hedabidearen arabera, Guardia Zibilak ez du argitu zer dela-eta saritu duten polizia, «arrazoi pertsonalengatik, zabaldu ezin den informazioa» delakoan; edonola, Guardia Zibilak argudiatu du epaiketa egin aurretik saritu zutela Huete Chaparro, baina auzia artxibatu arte ez dutela jakinarazi Guardia Zibilaren Aldizkari Ofizialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.