«Marikoi zikina». Hori entzuten zuen Ekain Perrinok dozena bat lagun baino gehiago bera jipoitzen ari ziren bitartean, konorterik gabe utzi zuten arte. Bada, ia bost urteren ostean, gaur hasi da Bizkaiko Probintzia Auzitegian 11 pertsonaren aurkako epaiketa, gaztearen aurkako eraso homofoboaren harira; Perrino izan da deklaratzen lehena. Akusatu guztiek jipoian parte hartu zutela berretsi du Perrinok. Are, eraso horren ostean, «egun batean bai eta bestean ez» kalean ikusten dituela gehitu du. Gazteak aitortu duenez, bost urte geroago, oraindik tratamenduan dago, bizi izandakoak bere osasun mentalari eragiten baitio.
Erlazionatuta
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 pertsonaren aurkako epaiketa hasi du gaur, Ekain Perrino gaztearen aurkako eraso homofoboaren harira. Perrinok 23 urte zituen 2021eko ekainaren 6ko gauean erasoa jaso zuenean, Basaurin (Bizkaia). Epaiketa lau jardunetan egingo dute, eta akusatuek asteazkenean deklaratuko dute. Akusazioak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du erasoan parte hartutako pertsona bakoitzarentzat, gorroto delitu bat tarteko, zauriak eragin zizkiotelako Perrinori. Halaber, urruntze agindua ere eskatu du ustezko erasotzaileen aurka, bost urtean biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora egon ez daitezen. Gainera, 6.000 euroko kalte ordaina ere eskatu du akusazioak, kalte moralaren ordain gisa.
Eraso homofoboa larunbatean gertatu zen, 02:30ean. Perrino lagun batzuekin zegoen, Basauriko Bizkotxalde plazan, eta beste gazte bat hura iraintzen hasi zen; gero, irainak kolpe bilakatu ziren. Gutxienez, 11 gizonen artean jipoitu zuten azkenean, «marikoi zikina» eta bestelakoak oihukatzen ari zirela, eta konorterik gabe utzi zuten. Erasotzaileek ihes egin zuten, baina Poliziak handik ordu gutxira atxilotu zituen akusatuak.
Epaiketak ikusmin handia piztu du, eta akusatuetatik bederatzi bertaratutako dozena bat hedabidetako kamera, argazkilari eta kazetarien artean sartu dira epaiketa aretora. Beste bik bideokonferentzia bidez parte hartu dute gaurko saioan. Bada, prentsak areto barruan irudiak hartu ostean, barrura sartu dira biktimaren eta akusatuen senideak eta lagunak.
«Kutsatu egingo» zituela
Perrino izan da epaiketan deklaratzen lehena. Gazteak adierazi du parkean lagun batzuekin hizketan ari zela, eta akusatuetako batek «alde egiteko» esan ziola, «kutsatu egingo» zituela eta «nazka» ematen ziela. Perrinok erantzun egin zion, eta bera han egoteak «gogaituz gero, joan» zedila esan. «Nik ez nien kolperik eman», gehitu du.
Are, bat-batean akusatuetako batek bizkarretik eraso egin ziola esan du Perrinok, nahiz eta ezin izan duen zehaztu nor izan zen. «Bizkarretik jo ninduen. Dakidan bakarra da txanodun jertse zuria zeramala». Aurpegian jasotako ukabilkadaren ondorioz, gaztea lurrera erori zen, eta ondoren gainera etorri zitzaizkion guztiak, eta ostikoka hasi: «Besteak ez ziren geldirik geratu». «Konorterik gabe utzi arren», jipoitzen jarraitu zutela esan zioten, gaineratu duenez.
«Ez ziren geldirik geratu. Konorterik gabe utzi arren, ni jipoitzen jarraitu zuten»
EKAIN PERRINO Basauriko eraso homofoboaren biktima
Perrinok zehaztu duenez, ondorio psikikoak ere utzi dizkio erasoak. «Astero joan behar izan dut psikologoarengana, antsietateagatik eta depresioagatik, eta psikiatrarengana ere hainbat aldiz joan naiz. Desintoxikazio zentro batean ere egon nintzen, gertatutakoaren ondorioz substantzia estupefazienteak hartzen hasi bainintzen». Gehitu duenez, «bost urte geroago tratamenduan» ari da oraindik, gertatutakoak bere osasun mentalean eragina baitu.
Biktimaren deklarazioaren ondotik hartu dute hitza erasoa gertatu zenean Perrinoren bikotekidea zenak eta beste sei lekukok, eta hark esandakoa berretsi. Horietako batzuk gaztearekin zeuden eraso homofoboa gertatu zenean, Basauriko Bizkotxalde plazako harmailen behealdean, eta gainontzekoak metro batzuk urrunago, goiko aldean. Hala ere, guztiek esan dute batek bizkarretik jo zuela Perrino, eta lurrean zegoela gainontzekoak ostikoka hasi zitzaizkiola. «Berak ez zien kolperik eman», nabarmendu dute. Gaztearen bikotekidea harmailen goiko aldean zegoen eta, liskar bat zegoela ikustean, agudo joan zen behera, «arropa ikusita jakin bainuen lurrean zegoena Ekain zela». Iritsi bezain laster, Perrinoren gainera bota zuen bere burua, kolpeez babesteko. «Hil egin behar zuten», esan du atsekabez. Gainontzeko lekukoek ere adierazi dute ez zirudiela erasotzaileak biktima jipoitzeari uzteko asmoa zeukatenik. «Plazan zegoen jende guztia tartean sartu zenean baino ez zuten alde egin».

Lekuko bik deklaratu dute Perrinori emandako jipoian «hogei lagunek baino gehiagok» parte hartu zutela, eta biktimak berak esan du «gutxienez hamahiru» zirela. «Harmailetatik jaitsi eta bi lagunengana joan nintzenean ikusi nuen zeintzuk ziren, ondoan baitzeuden. Gero hasi zen dena», zehaztu du erasoa jasandako gazteak. Haren bikotekide ohiak, berriz, nabarmendu du akusatuetako hiru bere etxetik hurbil bizi direla eta «ondo baino hobeto» zekitela Perrino mutil laguna zuela. «Ikastetxe berean ikasi dugu, eta behin baino gehiagotan egin dizkidate irain homofoboak», gehitu du.
Argazkia gora eta behera
Lekukoetako batek berak ere ez du baieztatu aretoan ziren akusatu guztiek jipoian parte hartu zutela, «ordutik ia bost urte igaro baitira». Bat edo bi ezagutu dituzte. Gainera, lekukoen nortasuna babesteko, aretoan jarritako bionboak ez zien uzten ustezko erasotzaileen aurpegiak ondo ikusten, eta akusazioaren kexa ere eragin du horrek. Horiek horrela, gainontzeko lekukoen deklarazioak bihar arte atzeratzear egon da epailea, sistema hobeagoa topatuko zutelakoan. Azkenean, sakelako telefonoarekin akusatuei argazkia ateratzea erabaki du, lekukoei erakusteko.
Bitartean, lekukoak nahasten ahalegindu da ustezko erasotzaileen abokatua. Gertaera pandemia garaian izan zela gogorarazi du hark, eta zera galdetu dio lekukoetako bati, Perrinok maskararik ez zeramala jakin ostean: «Ez al zioten esango 'kutsatuko gaituzu' maskararik ez zeramalako, ezta?». Lekukoak, ordea, ezetz erantzun dio: «Jai giroan geunden. Gutxien axola zitzaiguna maskara jantzita eramatea zen».
Epaiketa ostegunean amaituko da, eta akusatuek asteazkenean deklaratuko dute.
Hiru adingabe atxilotu dituzte eraso homofobo baten harira
Ertzaintzak hiru adingabe atxilotu zituen atzo Gasteizen, beste bi gizonen aurkako eraso baten harira. 17 urtekoak dira atxilotuetako bi, eta 16 urtekoa bestea. Kolpe ugari jaso zituzten gizonezko biek, baita irain homofoboak ere. Igande goizaldean gertatu zen erasoa, 06:00etan, Gasteizko Alde Zaharrean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Biktimek salatu dute ostalaritzako lokal batetik atera eta Aldabe zentrora iritsi zirenean hiru gazte oldartu zitzaizkiela. Lurrera bota, eta ukabilkadak eta ostikoak jo zizkieten, eta irain homofoboak egin. Elkarretaratzera deitu dute biharko, erasoa gaitzesteko. Andre Maria Zuriaren plazan izango da protesta, 19:00etan.