Itzalitzat jo dute Imarkoaingo sutea, eta errepideak zabaldu dituzte

Pinudi batean hasi da sua, eta zereal soroetara zabaldu da gero. Suhiltzaileak sua itzaltzeko lanetan aritu dira bi helikopteroren eta bi hegazkinen laguntzarekin, besteak beste. 21:00 aldera hartu dute mendean sua.

Hegazkin komertzial bat, atzo, sutearen ondotik pasatzen, Imarkoainen. IÑIGO URIZ / FOKU
Hegazkin komertzial bat, atzo, sutearen ondotik pasatzen, Imarkoainen. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko uztailaren 5a
23:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sute handi bat piztu da gaur arratsaldean Imarkoainen (Nafarroa). Sutea pinudi batean hasi da; hiru gune nagusi izan ditu aktibo, eta 50 metrotik gorako sugarrak ere sortu dira. Sutea AP-15 errepidetik ikusten zen, eta errepide hori itxi egin dute 56. eta 8. kilometroen artean, bi norabideetan, badaezpada. Tren garraioa ere eten dute.

Larrialdi zerbitzuek 16:49an jaso dute abisua, eta sua piztu den gunera jo dute Cordovillako, Lizarrako, Zangozako eta Tafallako parkeetako suhiltzaileek, bi helikopterok, ura botatzeko bi hegazkinek, basozainek, udaltzainek eta foruzainek. Tokiko nekazarien traktoreen laguntzarekin aritu dira sua itzaltzeko lanetan, baina haizeak lanak zaildu dizkie. Sutea pinudi batean hasi da, eta gero labore soroetan hedatu da, AP-15 eta N-121 errepideen artean, Imarkoain eta Beriaingo industrialdearen artean.

Sutearen ondorioz geldirik egon den bakarra ez da izan AP-15 errepidea: trenen joan-etorriak ere eten dituzte Biurrungo eta Noaingo geltokien artean, eta Zaragozatik Salamancara (Espainia) zihoan ibilbide luzeko tren bat ere geldirik egon da Artederretan.

21:00 alderako kontrolpean hartu dute sua; pixkanaka zabaldu dute errepideetako zirkulazioa, eta trenak ere martxan jarri dituzte. Suhiltzaileak geldituko dira gauean eremua zaintzen, sua berriro piztu ez dadin. Herritarrei eskatu diete erretako eremuetara ez sartzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA