Brian Currin Euskal Herrian Eztabaida eta Bakea sustatzeko Nazioarteko Ekimeneko kideak ezker independentistari konfiantza emateko eskatu du ekimen «zintzo» bat prestatu duelako bakea lortzeko. Alternatiba eta ekimen berriarekin guztiz engaiatuta dagoela uste du. Bere kideen azken atxiloketen gainetik bide horretan jarraitzeko eskatu dio ezker abertzaleari berari, preseski Espainiako Gobernuak nahi ez duen bidea jorratzen ari delako, Currinen erranetan.
Currin giza eskubideen abokatua da, eta eskarmentu handia dauka nazioarteko gatazken konponketan. Horretan jardun du hainbat urteetan, Hegoafrikan, Ekialde Hurbilean, Irlandan eta azken hiru urte hauetan Euskal Herrian. Atzo Bake prozesua nola suspertu?hitzaldia eskaini zuen Donostiako Kursaalen Lokarri gomitaturik. Arrakasta handia izan zuen aldez aurretik erreserbatuta zeuden lekuekin 150 laguneko gela betea baitzegoen. EAJtik bertan egon ziren Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Xabier Arzallus EBBko presidente ohia, Joseba Egibar GBBko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoak ahaldun nagusia. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidea ere han egon zen.
Currinek ezker independentistan sinesten du berekin izan dituen solasaldiak «kalitatezkoak» izan direlako. Joan den urte bukaeran Hegoafrika eta Euskal Herria konparatzeko txostena eskatu ziotela jakinarazi du, eta hura aztertu eta eztabaidatu ondotik ezker independentistak indarkeriari buruzko adierazpen bat idatzi zuela. Irakurri ahal izan du eta horrela definitzen du. «Txalotzekoa da, berritzailea eta proiektua gauzatzen bada eragin handia izan dezake euskal gizartean».
Currinen arabera, Espainiako Gobernuak aski ongi zekien ezker independentistaren baitan egiten ari ziren mugimenduen berri eta horregatik atxilotu ditu Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste zortzi lagun. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak atxiloketa horien harira kaleratutako autoarekin ados dago baina ez guztiz. Alegia, onartzen du Batasuna eta ezker independentistaren burua berreraikitzen ari zirela, baina gezurtatu du ETAren agindupean ari zirenik. «Batasunak bideratu du prozesu hori, eta ez ETAk, beste batzuek dioten bezala».
Ezker independentistaren ekimen berriak irtenbidearen itxaropena ekartzen duela uste du Currinek. Batasunari modu irekian aritzeko esparru bat lortzea du helburuetariko bat. Berak dioenez, hori izan zen azken bake prozesuaren porrotaren ezaugarrietariko bat. «Legez kanpokoa izan da ezin izan zuen politikarik egin, eztabaidatu eta beste eragileekin harremanetan egon». Bigarren helburua indarkeria bukatzea da, jakinarazi duenez. «Ezin da bake prozesu politiko bat egin indarkeriarekin edo indarkeriaren mehatxuarekin».
Gaitzespena
Baina, ezker abertzaleari ETA gaitzestea eskatzen dutenek «ameslariak» direla uste du. «Ezker independentistak ETA gaitzetsiko balu, beste alderdi batek Batasunaren lekua hartuko luke, baina alderdi hori ez litzateke prest proiektu berri baten sortzeko, eta hamar urte atzera eginen zenukete».
Ekimen berri horretan pazientzia eskatu du «ezker independentistak ETA berekin eraman behar duelako bidai horretan. Pazientzia eta konfiantza. «Munduan ez dago konfiantzarik gabe garatu den bake prozesurik». Currinek ulertzen du indarkeria ekintzak konfiantza eza ekar dezaketela, baina bertan ziren ordezkari politikoei zuzenduz esperantza izan ezik ez daukatela ezer galtzeko erran du. «Momentuan ez dago ezer bakea ekarriko duenik». Horren harira gaineratu du Espainiako Gobernua konfiantza eza areagotzen saiatuko dela. Ekimen berria babesten eta laguntzen aritzeko eskatu die. «Aurkitu itzazue hori egiteko moduak. Proiektu barneratzailea da». Konfiantzari dagokionez argi du ez dela egunetik biharamunera etorriko eta horretarako du pazientzia eskatu, konfiantzak urteak eskatzen dituelako.
Nazioartetik, berriz, laguntza gutxi iritsiko dela argi utzi du, gaur egungo egoeran behintzat. «Espainiak ederki saldu du euskal gatazka terrorismo kontu bat dela, eta Amnesty Internazionalen txostenei ez diete kasurik egiten ondoko estatuek». Euskal gatazka konpontzen ez dutela interesik azpimarratu du. Baina irtenbidea aurkituz gero gauzak aldatu daitezkeela uste du. «Orduan aurkituko dituzue lagunak nazioartean.