Batasunak gizartean duen oihartzuna aztertu nahi du Acebesek PP-PSOE Itunean

De la Vegak iragarri du datorren asteazkenean bilkura egingo dutela, «terrorismoari dagozkion gaien inguruko informazioa emateko»

Erredakzioa
2004ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
PP-PSOE Ituna datorren asteazkenean bilduko dela iragarri zuen atzo Espainiako Gobernuko lehendakariorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak. Bilera «terrorismoari dagozkion gaien inguruko informazioa emateko» dela dio PSOEk, baina PPko idazkari nagusi Angel Acebesek «Batasuna jendartean izaten ari den presentziari buruz» hitz egitea nahi du.

Gregorio Peces-Barba Biktimen arretarako goi komisionatu izendatzearen harira PPk eginiko salaketaren ondorendeitu du PSOEren gobernuak bilkura. Hala, Madrilgo Kongresuan, 17:00etan, egingo dute bilera. PSOEko Antolakuntza Idazkari Jose Blancok nabarmendu zuen itunaren bilkura ez dela eginen Peces-Barbaren izendapenari buruz hitz egiteko, baizik eta «ETAren azken atentatuei buruz informazioa emateko».Egunotako adierazpenei heldu zien atzo PPko idazkari nagusi Angel Acebesek, eta Peces-Barbaren izendapenari buruz hitz egin behar dela esan zuen, «adostasunik gabe hartutako erabakia izan baita». Dena dela, garrantzitsuagotzat jo zuen Acebesek bilkura horretan «Batasuna azken garaian jendartean izaten ari den proiekzioaren aurka neurriak hartzea» eta «Batasuna legeztatzeari buruz sortu diren zurrumurruak bukatzea». Acebesen irudiko, «legez kanpo dagoen alderdia da Batasuna, baina Espainiarekin apurketa prozesuaren buru bilakatu da».

Lopezek «gogo gutxi» dauka

Bestetik, bilkuran parte hartzeko «gogo gutxi» daukatela azaldu zuen atzo PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek, eta PPk egiten duen «itunaren manipulazioarekin nazkatuta» dagoela azaldu zuen. Hitz horiek maila pertsonalean egiten dituen kritikak direla azaldu zuen.

Madrilgo Kongresuan PSOEren bozeramaile Alfredo Perez Rubalcabak PPk eginiko salaketak arbuiatu zituen. «PSOErekin hitz egin gabe» PPk Zigor Kodea aldatu zuela gogoratu zuen Rubalcabak. Bere esanetan, Peces-Barba «terrorismoaren biktimenordezkari izendatzeak ez du biktimekiko politika aldatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.