Batera-k dio euskal lurralde elkargoa lortzeko baldintza guztiak bilduak direla

Hautetsien Kontseiluak ostegunean adostuko du lurralde elkargoaren eskumenei buruz duen postura

Batera plataformako kideak, atzoko prentsaurrekoan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ipar Euskal Herria ez da sekula bere instituzio propioa ukaitetik hain hurbil izan», Batera plataformaren irudiko. Izan aldarrikapenak jendartean lortu duen sostengu zabala, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluek eraman gogoeta, hautetsiek duten aldeko postura zein Frantziako Gobernuak planteatuko duen deszentralizazioaren erreforma, «momentu historikoa» dela dio plataformak.

Baikor izan arren «erne» segitzen dutela jakinarazi zuten atzo Batera-ko kideek Baionan egindako prentsaurrekoan. Bertan egon ziren Sebastien Castet, Juliette Bergouignan, Martine Bisauta, Mixel Berhokoirigoin eta Nikolas Blain. «Batera-k bere lana segituko du, iparrorratza ez du galduko eta bere animazio eta akuilu lana jarraituko du». Hala nola hurbiletik segituko dute ostegunean Hautetsien Kontseiluak egingo duen bilera. Orduan du egitura horrek bere postura adostuko euskal lurralde elkargoaren eskumenei buruz.

Bete beharreko lau baldintzak

Batera-ren ustez euskal lurralde elkargoak bete beharko dituen lau baldintzak plazaratu zituzten atzo. Batetik, Ipar Euskal Herriak osoki eta bakarrik izan beharko du elkargoaren barne. Hots, gaur egungo Pays egiturak estaltzen duen eremua, 159 herri.

Bigarrenik, garatuz eta bestelakotuz joanen den egituraketa bat izanen da. «Eskumen guztiak ez dira hastapenetik emanen; behar da abiatu zerbaitekin, eta denborarekin bestelakotuko da; hori ahalbidetzeko baldintzak behar dira finkatu», esan du Bisautak. Hala ere, hasteko, gutxienez kontseilu nagusiak dituen eskumenak eta eskualdearen batzuk beharko ditu, Batera-ren ustez.

Hirugarrenik, elkargoak «sinplifikatu, hobetu etaoptimizatu» egin beharko du lurraldearen kudeaketa.

Eta laugarrenik, Frantziako Gobernuak marraztuko duen deszentralizazioaren erreformaren barnean kokatu beharko da lurralde elkargoaren sorrera. Herritarren kontsulta ere beharrezkotzat jotzen du plataformak.

Udazkenerako adostu behar du proposamen bat Hautetsien Kontseiluak, eta Frantziako Gobernuarekinharremanetan dira proposamen horren berri emateko. Erreformaren arduradun Marylise Lebranchu ministroarekin bilduko dira Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle Euskal Herriko bi diputatuak eta Hautetsien Kontseiluko presidentea zein senataria den Jean-Jacques Lasserre. Frederique Espagnac senataria ere euskal lurralde elkargoaren alde da, eta proposamena sostengatuko dutela jakinarazia dute laurek. Batera-k dio «berritasun garrantzitsu» bat dela parlamentariak aldarriaren alde kokatzea.

Ondoko hitzordu nagusia irailaren 29an ukanen du plataformak, urteko biltzar nagusiaren kari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.