Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek eta gizartearen gehiengoak behar duten instituzioari buruzko adostasuna lortzea gertaera historikoa dela nabarmendu du Batera-k, eta Parisek lurralde antolaketa berrian nahi hori baztertzea ulertezina litzatekeela gaineratu. Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak, gogoeta egin ondoren, Parisko senatura igorri dute beren proposamena. «Gizarte eragileek ere beren gogoeta eta proposamena lantzeko aukera behar dute, eta, karia horretara, irailaren 29an Baionan eginen ditugun jardunaldietara deitzen ditugu», erran du Jakes Bortairuk. Lurralde Elkargoa orain izanen da leloa.
Batera-k Frantziako instituzio gorenetara eraman nahi du herri proposamena, hautetsien proposamenarekin batera aztertzeko. Bertze arrazoi bat nabarmendu du urrats hori egiteko. Egitura zehazturik, arloz arlo nolako eskumenak behar dituen finkaturik, bertze hainbat arlotan eragin behar dela dio Batera-k. «Aztertu beharko ditugu erakunde berriaren antolaketa, ordezkaritza, demokrazia sistemaren antolakuntza, zerga sistema, nolako autonomia ukanen duen egiturak bertze erakundeen menpe egon gabe», erran du Mixel Berhokoirigoinek.
Oskola bete
Martine Bisautak erran du funtsezkoa dela aipatu arlo horietan behar den sistema aztertzea. «Finkatu beharko dugu nola hautatuko dituzten herritarrek hautetsiak, nola atxiki kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka, proportzionaltasun parte bat sartu behar den edo ez, edota zerga sistema bera atxikiz nola egin daitekeen gainerateko erakundeekiko autonomia atxikitzeko, izan daitezen departamendua edo eskualdea». Horrekin batera, Lurralde Elkargoaren eta gainerateko erakundeen arteko harremana zehaztu beharko da.
Eztabaida horretan gizarteak boza izan behar duela nabarmendu du Bisautak. «Beti erran dugu hemen behar dugun koadro instituzionalak departamenduaren eskumenak behar dituela, eta arlo batzuetan, gehiago». Hori eraikitzear da oraindik, eta gizarte eragileek herritarren nahia errespetatuko dela bermatu nahi dute.
Frantziak zehaztu du lurralde erreforma egiteko egutegia. Batera-ko kideek azpimarratu dute proposamena Parisera doalarik eta han aztertuko dutelarik tokiko eragileek horren bilakaera zaindu beharko dutela. Batera indartzea bilakaera horren berme dela erran dute, eta eragile zein hautetsiak gogoeta horretan parte hartzera deitu dituzte.
«Ez genuke ulertuko Frantzia prozesuaren bururaino ez joateaeta salbuespena izatea abian jarri duten lurralde antolaketa horretatik kanpo utziz». Korsikak egitura berezia du Frantzian, eta Bretainia ere bere proposamena lantzen ari da.
Izan ere, erakundeen arteko oreka mantentzeko eztabaidan, departamendua tresna zaharkitu gisa agertzen da. Gaur egun, herritarrek zailtasun handiak dituzte erakunde bakoitzaren eskumenak zein diren jakiteko. Lege aldetik, eskumen bereziak lituzkeen Lurralde Elkargo bat egingarria da, eta hurrengo lurralde hauteskundeak egiten direlarik —itxura guztien arabera, 2015. edo 2016. urtean beranduenez—, Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoa osatua eta abian egotea eskatzen du Batera-k.
Batera-k dio ulertezina litzatekeela Euskal Herriaren eskaria baztertzea
Gizarte eragileen proposamena osatuko dute irailaren 29ko jardunaldietan, senatuari helarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu