ELAk eta LABek aparteko bi oharretan eman dute mobilizazioen berri, baina biek nabarmendu dute «elkarlanean» jardungo dutela. Bat egingo dute sektore publikoan euskaraz lan egiteko eta zerbitzua emateko eskubideen alde, eta bi mobilizazio egingo dituzte: abenduaren 16an Iruñean, eta abenduaren 17an Gasteizen. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez leloan bilduko dituzte aldarrikapenak, eta helburuetako bat izango da administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztatzeko ezarritako irizpideen kontra ebatzi diren sententzia ugariak salatzea. ELAk salatu du «epai euskarafoboak» direla, eta LABek ere abisu eman du ebazpen horien ondorioez: «Oldarraldi judizialak administrazioa euskalduntzea oztopatzen du, eta, batzuetan, administrazioetako agintariak euskalduntzean atzera egiteko erabakiak hartzen dira».
Iruñeko duten protesta Nafarroako Parlamentuaren aurrean egingo dute, 11:00etan. Gasteizen manifestazioa egingo dute: Bilbo plazatik abiatu eta Eusko Legebiltzarrerako bidea egingo dute. 11:00etan abiatuko da hori ere. Bi mobilizazioetan, parlamentuen parean ozenduko dute ahotsa, gogora ekartzeko «segurtasun juridikoa» behar dela arlo horretan aurrerabideak egiteko eta lege esparru berriak landu behar direla hori bermatzeko.
Aurrez ere sindikatu biak maiz atera dira kalera hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak salatzera, euskalgintzarekin bat eginda askotan. Orain, haragoko urrats bat egin behar dela esan du LABek. «Euskararentzat berme juridikoak lortzeko ofentsibara pasatzeko garaia da». ELArentzat, orain abiaraziko duten kanpaina beharrezkoa da, euskararen normalizazioaren kontrako sententziek euskara «bigarren mailako hizkuntza» gisara hartzen dutelako, eta euskararen normalizazioa eragozteko argudioak jarri dituztelako plaza publikoan. Izan ere, ebazpen judizial horietan «hizkuntza eskubideak lanarekin kontrajarrita» aurkezten dira sarri. ELAren ustez, ordea, «langile guztiak kontuan hartuta» egin daitezke aurrerabideak administrazioa euskalduntzeko: «Batzuei erretiroa hartzen utzita, eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita».
Epai horien kontra murru bat jartze aldera, sakoneko lege aldaketak egin behar direla uste dute bi sindikatuek, eta administrazio publikoan euskararen eta gaztelaniaren ezagutza «parekatzeko» eskatuko dute orain batera egingo dituzten mobilizazioetan. Eskari hori mahai gainean jarrita dago aurrez ere. Eusko Legebiltzarrean horren aldeko eskea egina du, adibidez, EH Bilduk, lege erreforma bat egiteko proposamen baten bidez. Proposamen horren helburua da euskara, gaztelaniaren gisara, funtzio publikoko lanpostuetarako eskakizun orokor bat izatea. Sistema «malgu» bat izatea nahi dute, eta geroratze indize baten bidez eskabideak samurtzeko modua ematea.
Proposamen horren gainean urriaren 2an solastatu ziren Eusko Legebiltzarrean, eta orduan ere egin zuten funtzio publiko euskaldunaren aldeko aldarria ELA eta LAB sindikatuek, parlamentuko atean. Euskarak eta gaztelerak estatus juridiko bera izatea exijitu zuten orduan. Parlamentuko saio hartan onetsi zen arlorako beste lege proposamen bat ere: EAJk egina da hori, eta helburua da hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kentzea, hori euskararen kontrako epairik ez izateko bidea izango delakoan.
Planak
Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» kontra egiteko neurriak ez ezik, bi sindikatuek batera egingo dituzten mobilizazioetan «plangintzak» eskatuko dituzte administrazio publikoak euskalduntzeko eta euskarazko arta bermatzeko. Aurrez ere jarri dituzte bi sindikatuek mahai gainean antzeko asmoak, eta 2022an Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera egin zuten proposamen zehatz bat: epemuga bat proposatu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskalduntzeko: hamabost urtekoa. Lanpostu guztiei derrigortasun data ezartzeko eskatu zuten orduan, eta gutxieneko eskakizuna B2 maila izan zedila.
Nafarroara begirako aldarrikapen batzuk ere zehaztu dituzte orain egingo dituzten mobilizazioetarako. Euskara lurralde osoan ofizial egiteko lege aldaketa da lehen-lehena, eta hori gauzatu bitartean egin daitezkeen aurrerabide hainbat ere zerrendatu dituzte. Besteak beste, honako hauek dira: euskara ofiziala ez den tokietan euskararen ezagutza meritu gisara aintzat hartzea, langile publikoen estatutu berrian euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu hizkuntza izateko eskubidea bermatzea, eta urtero portzentaje bat adostea administrazioan euskara eskakizuna duten lanpostuak ugarituz joateko.
Astelehenean protestak egingo ditu kontseiluak
Euskararen normalizazioaren kontrako «oldarraldi judizialaren baitan» asteotan beste hiru sententzia ebatzi direla salatze aldera, protestak iragarri ditu Euskalgintzaren Kontseiluak ere. ELA eta LAB sindikatuekin batera aterako da kalera. Bi elkarretaratze egingo dituzte, heldu den astelehenean biak. Donostian izango da protestetako bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian, 12:00etan. Bestea Bilbon izango da, Justizia Auzitegi parean, ordu berean. Salatuko duten epaietako batek berretsi egin du aurrez emandako sententzia bat, eta hark ebatzi zuen Gipuzkoako Diputazioan administrari lanetan jarduteko ez dela euskara eskakizunik egiaztatu behar. Beste biak Bizkaiko Diputazioak eskatutako hizkuntza irizpideen kontrakoak dira.