Euskalgintzaren kezkarik behinenetarikoa izan da urteotan oldarraldi judiziala, hainbat sententziak atzera bota baitituzte euskara normalizatzeko eta biziberritzeko ezarritako hainbat lege irizpide, besteak beste funtzio publikoan jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen ingurukoak. Ebazpen judizial horiei murrua jartze aldera, lege erreformak proposatuak dituzte EH Bilduk eta EAJk. Gaur, osoko bilkuran, bi talde politikoek eskatu dute beren proposamenak aintzat hartzeko. Bi proposamenak atera dira aurrera. EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren aldeko botoa eman du; jeltzaleak abstenitu egin dira EH Bilduren proposamena bozkatu denean. EAJko legebiltzarkide Markel Olanok esan du ez dutela gogoko EH Bilduren proposamena, baina «debaterako aukera» eman dezakeelako nahi dutela parlamentuan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ere elkarrizketarako bideak lantzeko asmoa azaldu du.
EH Bilduk aurkeztu zuen lehen proposamena, ekainaren 10ean: euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreformaren muina. Oinarrian, ideia nagusi bat dago erreforma horren atzean: «Bi hizkuntza ofizialak ezagutzea izatea irizpide orokorra enplegu publikorako sarbidean». Euskara eta gaztelania. Prozedurak gaur egungoaren «alderantzizkoa» izan beharko lukeela nabarmendu zuten orduan EH Bilduko kideek: administrazioak idatziz justifikatu eta arrazoitu beharko du zein kasutan salbuetsiko edo geroratuko duen euskara jakiteko betebeharra. Halako kasuetarako, lege proposamenean jasota daude langile erdaldunei «trebakuntza plan pertsonalizatuak» eskaintzeko eta «ikaskuntzarako liberazioak» ere ziurtatzeko bideak.
Ekainaren 20an aurkeztu zuen EAJk bere proposamena: egin nahi duten erreformaren helburua da euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea. Aditzera eman dutenez, lan eskaintza publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitu nahi dituzte aldaketaren bidez, «proportzionaltasun irizpideak eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideak» erabilita. Jeltzaleen arabera, derrigortasun indizearen inguruan ardaztu dituzte epaile askok hizkuntza eskakizunen kontra egiteko argudioak, eta, horiek ezabatuta, saihestu egingo dira halako ebazpenak. Markel Olanok egin zuen erreformaren defentsa Eusko Legebiltzarrean. Azaldu zuenez, saiatu ziren PSE-EEko ordezkariekin ados jartzen, baina «analisian eta tresnan» desadostasunak izan zituzten. Gaur ere agerian geratu da berriro desadostasun hori.
Markel Olanok egin du gaur ere proposamenaren defentsa parlamentuan. Euskararen kontrako sententziek sortu duten ezinegona gogoratu du. «Ziurgabetasun handia sortu da, eta segurtasun juridikoa ematea, hori da gure helburu nagusia». Erreforma proposamena juristen azterketa «sakon» baten emaitza dela gogoratu du. Derrigortasun indize orokorraren interpretazioa epai askotan «desegokia» izan dela uste du, «irakurketa oso murriztua» egin dutela epaileek, eta hizkuntza eskubideak ez direla aintzat hartu. Proposatu duten lege aldaketarekin erakunde publikoak «ahalduntzeko» modua izango dutela uste du, eta bide propioak lantzekoa.
«Ziurgabetasun handia sortu da, eta segurtasun juridikoa ematea, hori da gure helburu nagusia»
MARKEL OLANO EAJko legebiltzarkidea
EH Bilduren izenean, Pello Otxandianok erantzun dio. Hasieratik azaldu du jeltzaleen proposamenari aldeko boza emateko asmoa, baina bi erreforma proposamen egotea «nahiko bitxia» dela nabarmendu du. «Kasu honetan, gauzak normaltasunez egitea zera litzateke, bi lege proposamen erregistratu aurretik gure artean hitz egitea, eta lege proposamen bat eta bakarra adostea». Olanok eta Otxandianok biek hizpide izan dute 1982ko Euskararen Legea, horren garrantzia, baina «kontsentsuak» berritzeko premia dagoela gogoratu du Otxandianok, harago egitekoa. Eta hizkuntza politikan hiru oinarri bermatu behar direla nabarmendu du. Baga: hizkuntza eskubideak oinarrizkoak direla onartzea, eskubideen arteko «hierarkiarik» egin gabe. Biga: hizkuntzen arteko «berdintasuna» errespetatzea. Higa: «pragmatismoa eta enpatia» erabilita jardutea beti. Eta EH Bilduren erreforma proposamenak oinarri horiek dituela gogoratu du. Eta proposatzen den eredua, gainera, indarrean eta zuztartuta dagoela ja gertuko hainbat erakundetan. «Guk zera proposatzen dugu, egun Galizian indarrean dagoena», gogoratu du. Katalunian ere ezarrita dago.
PPk eta Voxek arbuioz hartu dute proposamena, euskara «inposatzeko» helburua duela argudiatuta. Sumarrek, berriz, abstenitu egingo dela aurreratu du. PSE-EEko legebiltzarkide Pau Blasik nahigabea azaldu du gobernukideak gai horretan aparteko bidea egin duelako. «Gaurko argazki hau ez da polita guretzat». Eta gogor hitz egin du jeltzaleen proposamenaren kontra. «Segurtasun juridikoa eta zalantza gehiago» ekarriko dituela uste du. Jeltzaleei egotzi die «presaka» egitea, helburu bakar batekin: EH Bilduk ez «aurrea hartzea» gai honetan. Erreforma horretan, ordea, ez dute ikusten deus eraikitzeko biderik: «Olano jauna, zuen proposamenak ez du ezer konponduko; kontrara, helegite gehiago ekar ditzake».

«Blindatzea» da asmoa
EH Bilduren proposamena Josu Aztiriak defendatu du. Poza azaldu du gaia epaitegietako zurrunbilotik ateratzeko ahalegina egiten ari direlako indar politikoak. «Politika egitea guri dagokigu, ez epaileei». Euskararen biziberritzean aurrera egiteko «aterpe juridiko berriak» behar direla esan du, eta hizkuntza eskakizunak «blindatzea» dela orain asmo behinenetariko bat. Gogoan hartu du egun euskararen kontrako epaiek ekarri duten ataka zaila. «Euskararen desofizializazio bat da praktikan, eta ez dira errekurtso eta sententzia gutxi batzuk. Joko zelaia itxiz eta itxiz joan da. Segurtasun juridikorik gabe gaude».
«Hori guztia malgutasunez, enpatiaz eta testuinguru soziolinguistikora egokitzeko elementuekin egin behar da. Ezagutzen ditugu gure herriak, eta egokitzapenak egiteko dispositiboak jaso ditugu»
EH Bilduko legebiltzarkidea
JOSU AZTIRIA
Horri buelta emateko pentsatutako estrategia bat behar dela adierazi du Aztiriak. «Erremedio eta irtenbide sendoak eskatzen ditu honek guztiak; gure ustez, paradigma aldaketa bat». Asmo horrekin proposatu dute funtzio publikorako «sarbiderako» bi hizkuntzak izatea ofizialak, gaztelania eta euskara. Galizian eta Katalunian horixe egiten dela gogoratu du berak ere. «Ez dugu ezer asmatu. Bideragarria eta egingarria da». Eta proposamenean bidea samurtzeko neurriak daudela gogoratu du, eta areago, horiek negoziatzeko prest daudela. «Hori guztia, noski, malgutasunez, enpatiaz eta testuinguru soziolinguistikora egokitzeko elementuekin. Ezagutzen ditugu gure herriak, eta egokitzapenak egiteko dispositiboak jaso ditugu». Hortxe, adibidez, horretarako neurri bat: «geroratze indizea» jartzea proposatu dute. Modua emango du eremu zenbaitetan euskara jakin gabe hasteko funtzio publikoan lanean. Gero langile horiei «trebakuntza plan pertsonalizatuen eta liberazioen bidez» euskara ikasteko bidea emango zaiela jasota dago testuan.
Ikusi gehiago
PPk eta Voxek txarrera hartu dute EH Bilduren proposamena ere. Sumarren izenean, Jon Hernandezek esan du ez datozela bat proposamenarekin. Hizpide izan ditu propio hizkuntza eskakizunen kontrako helegiteak jarri dituzten langileak, eta haien tokian jartzeko eskatu du: «Uste duzue euskarari eraso egitea dela haien asmoa? Euskarafobiarengatik dela?». Blasik onartu egin du EH Bilduren proposamenaren atzean dagoen lanketa. «Ez zaigu gustatzen, baina landuta eta ondo aurkeztuta dago, eta izateko arrazoi bat du. Asmo politiko bat eta garapen bat dago». Erreformaren hainbat puntutan elkarrizketarako bideak aurki ditzaketela onartu du; euskara ikasteko liberazioetan, ikasteko plan pertsonalizatuetan... «Lagun diezaiegun gehien behar dutenei. Partituraren zati hori onar dezakegu». Ez zaie gustatzen, ordea, proposamenean dagoen «derrigortasuna», eta «juridikoki» txertatzeko zaila dela uste dute, gainera.