Sorturen legeztatzea

'Bateragune auziko' bost presoek helegitea jarri dute Konstituzionalean

Auzia ebatzi bitartean, epaiaren betearazpena bertan behera uzteko eskaera egin dute bost presoen defentsek

Pello Urzelai.
Donostia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bateragune auziko bost presoen defentsek babes helegitea aurkeztu dute Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Nazionalak ezarri eta Auzitegi Gorenak berretsitako zigorra baliogabetzeko. Helegiteak joan den ostegunean jarri zituzten. Auzitegi Konstituzionalak orain lehenik erabaki behar du ea babes helegiteak tramitatu eta aztertzen dituen, baina ez dauka epe jakinik horretarako.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto, eta Arkaitz Rodriguezen abokatuek lau motibo nagusi argudiatu dituztebabes helegitea jartzean: errugabetasun printzipioa urratzea, inpartzialtasunaren printzipioa urratzea, akusazio printzipioa urratzea eta justizia eraginkorrerako eskubidea urratzea.

Epaiaren betearazpena eten

Babes helegitearekin batera, defentsek Auzitegi Gorenaren epaiaren betearazpena bertan behera uzteko eskatu dute. Auzia aztertzen den bitartean zigor epaia eteteko eskatu dute, babesa emanez gero inputatuei egindako kaltea ezin izango litzatekeelako konpondu. Izan ere, bost inputatuak preso daude, eta gehienek ezarritako zigorraren erdia beteko dute aurki (Otegik, adibidez, 983 egun darama preso). Epaiaren betearazpena bertan behera utziz gero, bost presoak aske geldituko lirateke.

Auzitegi Konstituzionalak lehenik erabaki behar du ea babes helegitea tramitatzen duen. Baiezkoa bada, atal berezi bat irekiko luke epaiaren beterazpena eteteko eskaera aztertzeko, eta aldeei jarrera agertu eta argudiatzeko aukera emango lieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.