Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto Bateragune auziko presoak aurtengo urriaren 11n askatuko dituzte, Espainiako Auzitegi Gorenaren sei urteko espetxe zigorra osorik beteta. Arnaldo Otegi datorren urteko apirilean aterako da, sei urte eta erdiko kartzela beteta. Rafa Diezek ere sei urte eta erdiko kartzela du, baina "egoera pertsonal-familiar" bategatik besteek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin ditu preso, eta 2017ko abuztu-irailean geratuko da libre.
Dena dela, Bateragune auziko bost lagunentzat zigorra ez da bukatuko kartzela uztean: Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok zortzi urteko inhabilitazioa dute; beste biek, hamarrekoa.
Otegik iazko urrian BERRIAn emandako elkarrizketan zioen Espainiako Estatuak mendekuz jokatu duela haien aurka. "Orain dela sei-zazpi urte Espainiako Gobernuak munduko kantziler guztiei helarazten zien mezu hau: ETA militarki suntsitzen eta ezker abertzalea bazterketa politikora eramaten ari gara. Gure estrategia aldaketarekin, testuinguru hori hankaz gora jarri eta konfrontazioa eremu politikora eraman genuen, estatuaren helburuak suntsituz. Hori ez digute barkatzen, eta horregatik gaude preso".
Duela lau aste, nazioarteko 24 lagun ezagunek Otegi askatzeko eta euskal presoak "etxeratzeko" adierazpen baten berri eman zuten Bruselan, Europako Parlamentuan.