Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auziko bost auzipetuei jarritako zigorrak berresteko eskatuko du Fiskaltzak, Auzitegi Gorenean gaur egingo den auzi saioan. Auzitegi Nazionalak iazko irailean hamarna urteko espetxe zigorra ezarri zien Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi, eta zortzinakoa Arkaitz Rodriguezi, Sonia Jacintori eta Idoia Zabaletari. Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra absolbitu egin zituen. Ezker abertzalea bide demokratiko eta baketsuen alde egitera eraman zuen barne eztabaida ETAren aginduz sustatzea leporatu zien Auzitegi Nazionalak. 2009ko urritik daude preso.
Auzitegi Nazionalaren epaia jaso ostean, hura baliogabetzeko eskatu zuten defentsek, Gorenean aurkeztutako kasazio helegiteetan. Horiek onartu ala ez aztertuko du gaur auzitegiko bigarren aretoak, saio publikoan. Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek osatzen dute tribunala. Defentsen helegiteek diotezigorra «oinarririk gabekoa» eta «logikaren kontrakoa» dela eta «zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua» dagoela. Hori hala, Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko eta zigortuak absolbitzeko eskatu du.
Oso bestelakoa da Fiskaltzaren jarrera. Eduardo Torres-Dulce Espainiako Estatuko fiskal nagusiak aurreratu duenez, zigorrak berresteko eskatuko du Fiskaltzak gaur. «Bai, printzipioz hori egingo dugu», esan du, Auzitegi Goreneko presidente Carlos Divarrekin batera ekitaldi publiko batean parte hartu ondoren eginiko adierazpenetan.
Epaimahaiak defentsek aurkeztutako helegiteak onartzearen alde egingo balu, auzipetuak absolbitu edo epaiketa errepikatu egin beharko litzateke. Horrek ekarriko luke presoak askatzea—ohikoena da tribunalak berehala jakinaraztea erabakia—. Erabakia zigorra berrestea bada, jakinarazpena atzeratu daiteke.
Euskal Herritik
Bateragune auzia abiatu zen unetik Euskal Herriko eragile eta herritar ugariren babesa jaso dute auzipetuek, atxiloketak eta ondorengo epaiketa konponbide prozesuaren aurkakoa direla iritzita.
Ideia hori nabarmendu du Amaiur koalizioak Madrilen eginiko prentsaurreko batean. «Herri honen gehiengo sozial eta politikoak interpretatu zuen helburua zela Euskal Herrian ematen ari ziren pausoak trabatzea». «Estatuak indar erakustaldia egin nahi izan zuen», adierazi du Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak, koalizioko gainontzeko kideekin batera Espainiako Kongresuan eginiko agerraldian.
Amaiurrek eskatu du zigor epaia baliogabetzeko eta preso dauden bost auzipetuak «berehala eta baldintzarik gabe» aske uzteko. Era berean, Espainiako Estatuari galdegin dio bertan behera uztea «bakearen eta konponbidearen aurkako agenda politiko eta judizialak».
Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten beste alderdi batzuekin batera egin nahi zuen agerraldi hori Amaiurrek, baina ez da posible izan. EAJk balorazioa bere kabuz egitea erabaki zuen, eta ERC eta BNG bezalako alderdiekin ez da posible izan.
Hain justu, EAJk ohar batean adierazi du Bateragune auziaren oinarrian Alderdien Legea dagoela, eta eskatu du lege hori indargabetzeko. Halaber, salatu du Auzitegi Nazionalaren zigor epaia «atzerapausoa» izan dela «Euskadiko bizikidetzaren normalizazioan». «Gaur egun, ez du inolako zentzurik ilegalizazio politikaren dinamikari eusteak, lege barruan bestelako hauteskunde alternatibak baitaude eta, gainera, ordezkaritza instituzional nabarmena lortu baitute», azpimarratu du.
Kongresuko korridoreetan eginiko adierazpenetan, berriz, bost auzipetuak askatzearen alde agertu da Josu Erkoreka diputatu jeltzalea. Adierazi du Bateragune auzia «zentzurik gabea» dela, eta nabarmendu du bost auzipetuek kartzelan jarraitzeak mesede egiten diola ezker abertzalearen «biktimismoari».
PPk, berriz, ez du begi onez ikusi Amaiurrek Kongresuko prentsa aretoan eginiko agerraldia. «Kongresua ez da tribunalei presio egiteko lekua», esan du Alfonso Alonso diputatu arabarrak. Haren ustez, «arrazoizkoena» izango litzateke Auzitegi Gorenak berrestea Auzitegi Nazionalaren zigor epaia.
'Bateragune auzia'
'Bateragune auziko' zigor epaia berresteko eskatuko du Fiskaltzak
«Bakearen eta konponbidearen aurkako agenda politiko eta judizialak» bertan behera uztea galdegin du AmaiurrekDefentsak aurkeztutako kasazio helegiteak onartu ala ez erabakiko du Gorenak gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu