Bateragune auziko bostek espetxean jarraituko dute. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du bost zigortuak behin-behinean aske uzteko defentsak egin zuen eskaera, eta, horrenbestez, espetxean jarraituko dute Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak.
Atzo hartu zuen erabakia Konstituzionaleko Lehen aretoak. Pascual Sala aretoko presidenteak eta Gonzalez Rivas magistratuak egin zuten txostena, eta Fiskaltzaren eskaerarekin bat egin dute. Konstituzionalak ebatzi du zigorrak bost urtetik gorakoak direlako ezin zaiela bost zigortuei askatasuna behin-behinean eman.
Auzitegiak onartzen du horrelako kasuetan zigorra bertan behera utz daitekeela behin-behinean, oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua dagoenean. Baina argudiatu du horretarako bost urteko zigorraren muga erabili ohi duela, delituaren larritasuna neurtzeko. Gaineratu du erakunde terroristako kide izateagatik zigortu zituztela.
Arratsaldean, EH Bilduren balorazioa
Goizeko lehen orduan zabaldu dute albistea hainbat hedabidek, eta magistratuak eguerdian sinatu dute ebazpena. Jone Goirizelaia abokatuak esan du hori esku artean izan arte ezin zutela egin baloraziorik. EH Bilduk arratsaldean egingo du berea, 16:30ean. Hainbat erreakzio izan dira goizean zehar, baina.
Konstituzionalak tramiterako onartu zituen maiatzean Bateraguneko bostek jarritako helegiteak, baina ez du onartu helegite hori erabaki bitartean bostak behin-behinean aske uztea, nahiz eta litekeena izan erabakia hartzerako zigor osoa beteta izatea. Espainiako Fiskaltzak maiatzaren 22an preso segitzea eskatu zuen, “bake sozialaren izenean”.
Helegitearen inguruko erabakia izaterako, zigorra beteta
Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutakoen oinarrizko eskubideak urratu zituen edo ez erabaki behar dute Konstituzionaleko Lehen aretoko sei magistratuek, helegitean defentsak eskatu zuen moduan.
Zigorraren ia bi heren dauzkate beteta bostetik lauk, eta Rafa Diezek betea du heren bat. Otegi eta Rodriguez Logroñon daude espetxeratuta, Diez Dueson (Cantabria), Jacinto Estremeran (Madril) eta Zabaleta Valladoliden.
2009tik preso
Auzitegi Nazionalak hamar eta zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zien, baina Gorenean sei urte eta erdira murriztu zuten zigorra, defentsak aurkeztutako kasazio helegitea aztertu ondoren. Gorenean bertan bostetik bi epailek boto partikularra eman zuten.
Hiru urte eta erdi egin dituzte jada espetxean Otegik, Jazintok, Rodriguezek eta Zabaletak. Diezek, berriz, ia bete ditu jada bi urte eta erdi; 2010eko apirilean aske utzi zuten ama zaindu behar zuelako, baina epaiketaren ondoren sartu zuten espetxean atzera, 2011ko irailean.