Nork osatzen du feminismoaren lubakia? Zein dira feminismoaren —eta mugimendu feministaren— subjektuak? Zergatik dira estrategikoak subjektu horiek sistemari aurre egiteko? Zein dira subjektu horiek zanpatzen dituzten sistemak? Zer da autodefentsa feminista? Galdera horiek eta bertze hainbertze oinarri, hausnarketarako goiza izan da gaurkoa Zaldibarren (Bizkaia).
Euskal Herriko Gazte Feministek antolatuta, Baterajotzea egiten ari dira asteburu honetan. 150 kanpadenda baino gehiago daude herriko zelaian, eta dozenaka auto eta furgoneta herrian barna. Bada, gosariaren ostean, Lubaki feministatik, norantz? saioarekin hasi dute larunbata; Laura Iparragirre Gazte Feministetako kideak gidatu du, alboan zituela Lide Arrieta eta Uma Ulazia taldekideak, eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ekhi Petriati eta Elene Lopetegi.

Lopetegik gogoratu du subjektu politikoaren gaia beti izan dela «gatazkatsua» mugimendu feministan, ez dela berriki sortutako eztabaida bat. Are, 2009an Granadan (Espainia) jardunaldi feministak egin zituzten, eta bertan planteatu zen pertsona transen aldarrikapenak mugimendu feministaren barruan txertatu behar zirela; bada, Lopetegik adierazi du «hasiera-hasieratik» egon dela aurkakotasuna subjektua aldatzeari dagokionez. Kontrakotasun horren artikulazioa feminismoaren urratsetan kokatu du, batik bat.
Halere, erran du mugimendu feminista eta transfeminista «kontrajarrita» daudela irudikatu nahi dela, baina hori ez dela egia. «Mugimendu femininistaren barruan transgorrotoari edo diskurtso transbaztertzaileei marra gorriak jarri behar dizkiegu», zehaztu du. Nabarmendu du, gainera, kategoriak —emakume, trans eta bollerak— estrategikoak direla eta mugimendu gisa hori baliatu behar dela. Eta zehaztu du, gainera, emakume kategoriak gorputz disidenteekin elkarbizitzan egon daitezkeela.
«Mugimendu femininistaren barruan transgorrotoari edo diskurtso transbaztertzaileei marra gorriak jarri behar dizkiegu»
ELENE LOPETEGI Euskal Herriko Bilgune Feminista
Subjektu politikoa, beraz, borrokarako tresna ere bada. Hala berretsi zuen Itoitz Serna Gazte Feministetako kideak atzoko solasaldian: «Gu ez gaitu elkartzen neska izateak, feminista izateak baizik». Izan ere, hausnarketa prozesu luze baten ondoren, iaz subjektu politikoa aldatu zuten jardunaldiaren antolatzaileek: Euskal Herriko Neska* Gazte izena zuten, eta orain Euskal Herriko Gazte Feministak izena dute.
Aldaketa horrek fruituak eman dituela adierazi du Ulaziak: «Aukera eman digu sexualizazioaren inguruan hausnartzeko, eta borrokarako tresna berriak eman dizkigu». Zehaztu du, batetik, aldaketarekin ulertu dutela emaztekiak ez direla jaiotzen, egiten baizik. «Emakumeei erakusten zaie zer egin behar duten eta zer ez duten egin behar. Sexualizazio prozesua modu estrukturalean ulertu behar dugu, ez da barruan dugun zerbait», gehitu du. Bertzetik, heterosexualitatea patriarkatuaren muinean dagoen heinean, eta sexu-genero disidenteek hori auzitan jartzen dutenez, horrek sistemari aurre egiteko tresnak ematen dizkie. «Sexu-genero disidenteon borroka zerbait bada, feminista da: gazte feministon borroka da», borobildu du.
«Beldurrak paralizatu egiten gaitu, tresnarik gabe utzi eta paralizatu; ondorio nagusia immobilismoa da. Eta horri feminismotik egin behar diogu aurre»
LIDE ARRIETA Euskal Herriko Gazte Feministak
Arrietak eta Petriatik, berriz, esplikatu dute indarkeria matxistari aurre egiteko gakoa dela autodefentsa feminista. Arrietaren irudiko, bortizkeria horri aurre egiteko ezinbertzekoa da «beldurraren kulturaren politizazioa»: «Proiektu politiko bat da beldurra, botereak darabilen proiektua. Beldurrak paralizatu egiten gaitu, tresnarik gabe utzi eta paralizatu; ondorio nagusia immobilismoa da. Eta horri feminismotik egin behar diogu aurre».
Hain zuzen, Petriatik gogoratu du autodefentsari esker indarkeria matxista «oso ondo» identifikatzen dakitela. «Autodefentsa feminista ez da erasoei erantzutea bakarrik, baizik eta marra gorriak jartzea, espazio propio ez-mistoak sortzea eta horiez gozatzea, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde borroka egitea, edota herriko jai batzordeetan egitarau feminista bat antolatzea».
«Autodefentsa feminista ez da erasoei erantzutea bakarrik, baizik eta marra gorriak jartzea, espazio propio ez-mistoak sortzea eta horiez gozatzea, edo herriko jai batzordeetan egitarau feminista bat antolatzea»
EKHI PETRIATI Euskal Herriko Bilgune Feminista
Hiru aldiz zanpatuak
Feminismotik hiru zapalkuntza sistema identifikatzen dituztela esplikatu du Ulaziak: kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa. Eta kritiko mintzatu da ezkerreko sektore batzuekin: «Zapalkuntza guztiak kapitalismoari lotzeak ondorio oso larriak ditu. Guztia kapitalismora murriztearen joera politiko horiek ez digute balio, gainontzeko zapalkuntzak hortik eratorriak direla irudikatzen dutelako; eta horrek gure borrokak zentralak izateko aukera lapurtzen digu».
«Guztia kapitalismora murriztearen joera politiko horiek ez digute balio, gainontzeko zapalkuntzak hortik eratorriak direla irudikatzen dutelako, eta horrek gure borrokak zentralak izateko aukera lapurtzen digu»
UMA ULAZIA Euskal Herriko Gazte Feministak
Are, haren iduriko, «ez da kasualitatea» borroka zentral izendatutako hori izatea gizon zuriei eragiten diena, ezta «marko horrek are zabalpen handiagoa izatea erreakzio antifeministen testuinguruan». «Langile klasearen batasuna eraiki behar da. Guk argi dugu kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa estrukturalak direla, eta sistemaren erraiei erreparatu behar zaiela, borroka autonomo erradikalak aurrera eramanez». Hala, berretsi du aliantza politikoak ezinbertzekoak direla, gogoan izanda ezinbertzekoa dela aitortzea hiru sistema horiek daudela, «eraldaketa osorik borrokatu ahal izateko».
Mobilizaziorako deia
Eguerdian eta arratsaldean hamar solasaldi eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute gazteek. Bertzeak bertze, zaintzari buruz, gorputzen politikaz, drag-az eta Euskal Herriko gatazkaz hausnartu dute. Iluntzean, berriz, ehunka lagunek hartu dituzte Zaldibarko kaleak: mobilizazioa eta asteburuko ekitaldi nagusia egin dute. «Borroka feministaz dena aldatzeko nahia eta anbizioa dugunon elkargune bilakatu dugu Zaldibar», erran dute antolatzaileek.

Mobilizazioaren hondarrean hitza hartu dute antolatzaileek, eta gisako elkarguneak «ezinbestekoak» direla erran dute, «komunitate feminista elkartu, indartu eta auzi sozial orori lubaki feministatik ekiteko». Sistemak «beldurrak gidaturiko subjektu otzanak» nahi ditu, baina horren aitzinean «antolatuta eta borrokarako prest» daudela erran dute, ozen. «Hendaiatik Behobiara; Portugaletetik Leioa eta Durangora; Elizondotik Usurbil eta Zaldibarrera. Historia feminista idazten jarraituko dugu baterajotzez baterajotze, mobilizazioz mobilizazio eta grebaz greba», gehitu dute.
Azaroaren 25ean autodefentsa feministaren aldarriz mobilizatzeko deia egin dute: «Zaldibarren hartutako indarrak balio dezala Euskal Herriko auzo eta herriak astintzen jarraitzeko».