Euskararen biziberritzeko itun soziopolitiko berri baten edukiak zehazteko lanean aritu da Batuz Aldatu taldea, eta ekainean egin zuten talde horren jardunaren berri emateko bilkura. Irailerako agindu zuten orduan dokumentua, eta heldu da eguna: ostiral honetan aurkeztuko dute itun horren proposamena, hilabeteotan landu dutena. Donostian izango da horretarako agerraldia, Miramongo teknologia parkean. Euskalgintzaren Kontseilua izan da prozesu horren hauspoa eta euskarria: ekinbidea 2021eko ekainean aurkeztu zuen, eragile askorekin lankidetzan. Hizkuntza politiketan aurrera egiteko garaia zela nabarmendu zuten orduan: «Gaur egungo hizkuntza politiken langa gainditu behar dugu».
Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek egin zuten bat Batuz Aldatu prozesuaren abiaburuan plazaratu zuten dokumentuarekin, eta adostasuna trinkotu egin da ordutik: 113 dira gaur egun, askotarikoak. Talde eragileko kideak hauek dira: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club fundazioa, Bizipoza bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Elkartea, Taupa mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa. Prozesuaren pluraltasunaren erakusgarri argia da zerrenda. Izan ere, euskalgintzaren bihotzean dauden elkarteak aritu dira urrunagokoekin.
Itun honek berebiziko zentzua du orain, lau urte geroago, gero eta zabalduago dagoelako kontsentsua: euskararen eboluzioa izaten ari den geldotzearen zantzuak gero eta agerikoagoak dira. Ondorioz, hizkuntza politikak, bere zabalean, indartu egin behar dira, doi aztertuta zein diren gaur egun premiarik agerikoenak. Bide horretan, euskara «larrialdian» dagoela ohartarazi zuen iazko azaroan Kontseiluak; adierazpen bat plazaratu zuen, Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sare ELENek Bilbon egin zuen bilkuraren harira.
Hizkuntzaren atzentzearen berri ematen duten aldagaien artean, bada kezkarako beste motibo bat ere; euskararen normalizazioa sustatzeko neurrien kontrako «oldarraldi judizialak» moteldu eta eragotzi egin ditu hainbat aurrerabide.
Asmo handiz
Ituna amaitzear zutela iragartzeko ekainean egin zuten prentsaurrekoan, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek euskarak behar duen «jauziaren» inguruko «adostasun soziala» lortzeak duen garrantzia nabarmendu zuen, asmoa handia delako: «paradigma berri baterako» oinarriak jartzea. Ondoan, eragileen arteko elkarrizketa prozesua bideratu duen Aitziber Blanco, eta talde eragileko ordezkari bi izan zituen Eskisabelek: Athletic Clubeko Igor Arenaza eta Euskal Kontsumitzaileen Elkarteko Leire Alberdi.
Urteotan «ñabarduraz» jositako elkarrizketak izan dituztela azaldu zuen Blancok. Elkarrizketen bizitasuna zer-nolakoa izan den adierazteko, pasadizo hauxe kontatu zuen; lau orduko saioak egiten zituzten solaserako, tartean atsedenaldi batekin, baina prozesuaren amaierarako atsedenik ere ez zuten egiten dagoeneko. «Buru-belarri» jardun dute. Alberdik saioak «luzeak eta konplexuak» izaten zirela onartu zuen: «Baina aberasgarriak». Kontsumitzaileen eskubideen bermearen defentsan ari den elkartea da haiena, eta usu egoera korapilatsuetan dauden pertsonei erantzun beharra izaten duten heinean, hizkuntzaren gaineko langintzan jardutea zinetan aberasgarria da haientzat ere: «Izan ere, euskara babesleku ere bada».
Athletic Cluben izenean, Arenazak nabarmendu zuen «oso zaindua» sentitu dela prozesu osoan. Athletic Club fundazio moduan itunaren lanketaren «parte» izateak duen garrantzia goretsi zuen. «Garrantzitsua da, askotan eskatzen digutelako eredugarritasuna, eta askotan ez garelako heltzen eredugarritasun horretara».
Norabideak
Dinamika abiatu berritan zehaztu zuten itunaren norabideetako bat: «ezagutzaren unibertsalizazioa» lortzeko bideak ezarri behar dira. Euskalduntzea eta alfabetatzea «doan» eskaintzeak erabateko garrantzia du hor, eta eskoletan murgiltze eredua «ikasteredu orokor gisa» ezartzeak ere bai. Euskara «normal» erabiltzeko baldintzak jartzea: hori da jarri zuten bigarren norabide nagusia. Hori izango da, beraz, itunaren beste ardatz nagusia.
Proposamen sektorialak
Akordiorako bidean, urteotan Kontseiluak bultzatu ditu hizkuntza politikak eraberritzeko arlokako hainbat proposamen. Lau izan dira:
- Hezkuntzan
2021eko abenduan, hezkuntza formala euskalduntzeko helburuarekin, euskarazko ikasteredua orokortzearen aldeko adostasuna lortu zuten hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak.- Ikus-entzunezkoetan
2022ko maiatzean, Espainiako Kongresuak arlorako lege berrirako abiarazi zuela eta, lege horrek euskararen garapenerako behar zituen ardatz nagusiak proposatu zituzten Batuz Aldatu prozesuko ikus-entzunezkoen arloko eragileek.- Sektore publikoan
2022ko irailean, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzio publikoa hamabost urteko epean euskalduntzeko proposamen eta neurri zehatzak aurkeztu zituen Kontseiluak ELArekin eta LABekin.- Lan munduan
2022ko urrian, lan arloa euskalduntzeko helburuarekin, enpresaz enpresa euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko kanpaina bat abiarazi zuen Kontseiluak ELArekin eta LABekin.