Manuel Lezertua. EAEko Arartekoa

«Batzuetan oztopoak izan ditugu Segurtasun Saila ikertzeko»

Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dute herritarrek, Lezertuaren ustez: «kezkarekin» ikusi ditu azken epaiak. Arartekoaren funtzioen eta tresnen inguruan Eusko Legebiltzarrak hausnarketa egitea nahi luke.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 05a
00:00
Entzun
Elkarrizketa asko eman ditu Manuel Lezertuak (Bilbo, 1957) asteotan, Eusko Legebiltzarrean urteroko balantzea aurkeztu ostean. 2015etik da EAEko Arartekoa, eta aspaldian kexaka aritu da administrazio batzuek urte bat eta bi artean behar izan dutelako haren galderei erantzuteko.

Abenduan 45 ohartarazpen bidali zenizkieten hainbat administraziori; apirilean esan zenuen agian Fiskaltzarengana joko zenutela, eta apiril amaierarako denek erantzun zizueten. Gutxietsita sentitzen zara??

Ez dut uste mespretxua denik, baina ezta errespetu handirik dagoenik ere. Burokraziaren ondorioak dira, alde batetik, baina kontrola onartu nahi ez izatea ere bai. Askotan ez da gustukoa Arartekoak esaten duena. Saiatzen naiz eraikitzailea izaten gure kritikekin: proposamenak egiten—«Hau txarto dago, baina horrela egin dezakezu»—, eta elkarrizketaren bidez konpontzen. Baina, batzuetan, erantzunik ez dagoenean, adierazi behar izan dut.

Zein da arrazoia?

Pandemiaren ondorioa izan dela uste dut. Garai hartan, malgutasun handiagoa eman genien, eta gure kontra etorri da. Normaltasuna itzuli denean, eroso egon dira erantzun barik, eta guk urtebete geroago ezin dugu gure lana ondo egin, ezta herritarren eskubideak ondo babestu ere. Ni Fiskaltzarengana joan aurreko egunean erantzun zigun azken udalak, bazekielako hara nindoala.

Ez da beti hala gertatu??

Nik Europako erakundeetan egin dut lan 30 urtez, nire bizitza profesional gehiena. Euskal Herrira etorri nintzen arartekoa izateko. Hemen, ikusi nuen noizbehinka ohartarazpenak bidaltzen zirela, baina erabaki nuen bide hori ez erabiltzea. Diplomaziako mundutik nentorrenez, nahiago nuen bestelako estilo bat: alkateari, diputatuari, lehendakariari... deitu eta esan, «begira, hau gertatu da; mesedez, konpondu». Iazko abenduan ia 50 kasu geneuzkanez, erabaki genuen ohartarazpenekin hastea. Ez da nire gustuko estiloa, baina bideratu da arazoa.

Nafarroako Arartekoak isunak jar ditzake. Horrekin konponduko litzateke arazoa?

Gutxienez, aztertu behar dugu.Nafarroako Arartekoak esan zidan pozik zegoela ahalmen horrekin. Ez du erabili behar izan oraindik, udalek ez dutelako nahi agertu egunkarietan isunak ordaindu behar izateagatik. Eskatu diot Euskadira etortzeko esperientzia legebiltzarrean azaltzera.

Arartekoaren legeak ia berrogei urte dauzka. Zer beste mekanismorekin hobetu daiteke?

Kataluniako Sindic de Greugesek esku har dezake zerbitzu publikoak —telekomunikazioak, energia...— eskaintzen dituzten enpresa pribatuetan. Irlandakoak botere handia du ustelkeria borrokatzeko. Beste leku batzuetan, diskriminazioaren aurka egiteko eman zaie ahalmena. Nahiko nuke legebiltzarrak hausnartzea ea halakorik behar dugun.

Zuen ebazpenak ez dira bete beharrekoak. Bete beharko lirateke, ala arartekoen izaeraren kontra doa?

Mundu guztian da hala, baina, lotesleak izan ez arren, uste dut lan egin behar dela arlo horretan. Oraintxe begiratzen aritu naiz nik eginiko ebazpen bat, hamar orrialdekoa, eta hor dena dago ondo adierazita: zergatik dagoen txarto administrazioak egindakoa, herritarren eskubideak ez direla ondo babestu... Baina administrazio horri berdin izan dio, eta erabaki bat hartu du, jakinda bidegabea dela. Guk bi hilabetez aztertu dugu gaia legelari espezializatu batzuekin, aldeak entzun ditugu, legeak eta jurisprudentzia ikertu; eta esan dugu ez dagoela ondo eginda. Ez zait gustatzen gero eurek esatea ez didatela kasurik egingo. Ados, gure ebazpenak ez dira bete beharrekoak, baina gutxienez erantzun zergatik ez diguzun kasurik egingo, motibazioaren ahalegina egin dezazun.

Osakidetzaren inguruko kexak %220 igo dira 2020arekin alderatuta. Izurriak zerikusia dauka?

Bai, baina arazo berriak ere agertu dira; bereziki, profesionalen falta, medikuarekin aurrez aurre egoteko oztopoak, telefono bidezko hitzorduen funtzionamendu ez hain ona... Ikusi da atzerapenak daudela eta oraindik zerbitzu guztiek ez dutela berreskuratu funtzionamendu egokia. Horrez gain, ezkutuan zeuden arazo batzuk azaleratu dira, eta jendeak gugana jo du. Ezaguna da mediku gehiago behar ditugula.

Iaz adierazi zenuen Ertzaintzak «bere burua ikertzeko zailtasunak» dauzkala. Hobetu da egoera ordutik?

[Josu] Erkorekak [Jaurlaritzako Segurtasun sailburua] otsailean esan zidan barne sistema diziplinarioa aldatzeko asmoa zutela. Oraintsu, neskato adingabe bat ertzain etxe batera joan zen sexu eraso bat salatzera, eta ez zuten behar bezala tratatu. Hor akats itzelak ikusi genituen, eta horregatik atera genuen ebazpena. Ez nuke esan nahi arazo orokorra denik, baina egoten dira kasuak, eta ertzainen hezkuntza eta protokoloak ez dira ondo ari kasu batzuetan. Horregatik, ezin dut esan konpondu duten ala ez. Aipatutako kasu horretan, ikerketa oso makala izan zen, eta ez zituen Europan ezartzen diren baldintzak betetzen. Ezin diozu ertzain bati galdetu: «Egin duzu hori?». «Ez, ez dut egin». Hori da dena? Eta ez bakarrik ertzainek, udaltzainek ere bai. Mundu hori aztertu egin behar da. Ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen. Nork kontrolatzen du kontrolatzailea? Hobetu egin behar da sistema.

Segurtasun Saila opakua da? Ikertzea zaila egiten zaizue?

Batzuetan —ipini batzuetan— oztopoak izan ditugu. Ertzain etxeetako edo udaltzainen komisarietako irudiak lortzeko, esaterako. Zenbaitetan, bertara jotzen dugunerako, ezabatu egin dituzte, 30 egun igaro direlako. Guk esan diegu ez ezabatzeko, gure edo epailearen ikerketarako funtsezko tresna direlako. Eta batzuetan polizien aldekoak ere izan daitezke.

Iazko Euskararen Egunean, hau argitaratu zuen Arartekoak: «Edozein herritarrek eskubidea du bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan modu erosoan eta normaltasunez arreta jasotzeko zerbitzu publikoetan». Azkenaldian, hainbat epaik adierazi dute administrazioak ezin duela baldintza moduan ezarri euskaraz jakitea. Zer egin dezake Arartekoak epaileek kontra egiten dutenean?

Nahiko kezkatuta nago horrekin. Ez dakit zer egin dezakedan. Euskaraz bizitzea euskal herritarren eskubidea da. Eskubide naturala. Euskadin gaude, Euskal Herrian gaude. Gero eta jende gehiagok euskaraz bizi nahi du, oso argi daukat. Ertzain etxe batean salaketa ipintzera joan, eta «euskaraz dakiena ez da etorri gaur, bajan dago». Hori onartezina da. Edo pediatra erdaldun bat euskaraz bakarrik dakiten umeekin, eta aita itzulpen lanak egiten. Horrek min ematen dio euskal herritar bati. Noren betebeharra da hori ez gertatzea? Administrazioarena. Eta ezin badu baldintza moduan ipini euskaraz jakitea, zer gertatzen da? Hori da nire kezka. Nolabait konpondu beharko da.

Orduan, ari zarete?

Bai, gure aditua, Roberto Moreno, horretan dabil lanean, agertzen ari den jurisprudentzia hori legezkoa den ala ez ikertzen. Epaitegietan zenbat epaiketa daude euskaraz? Egin daitezke, ala oztopo asko daude euskaraz egin nahi baduzu? Justizia gaur egun atzeratuena da euskararen normaltasunaren bidean. Anekdota pertsonal bat kontatzen utziko didazu?

Bai, noski.

Ospitalera joan nintzen, eta larrialdietan suspertu egin ninduten. Larri nengoen, txarto eta triste, jakin gabe bizirik nengoen ala erdi hilda. Momentu txarra izan zen, eta niregana etorri zen medikuak euskaraz egin zidan. Arnasa eman zidan. Nire mundua zabaldu zen. Itxaropena eman zidan. Horregatik ulertzen dut hain ondo guraso batek nahi izatea etxean euskara izan dadila lehenengo hizkuntza. Gero eta ume gehiago daude Euskadin euskaraz bakarrik dakitenak, aukera bat delako, eta bidezko aukera bat delako. Zaila egiten zait onartzea administrazioek ezin dutela baldintza moduan ezarri euskaraz jakin behar izatea.

Urteak daramatzazue parekidetasuna eskatzen Hondarribiko eta Irungo alardeetan (Gipuzkoa). Zer egin daiteke arazoa konpontzeko?

Arazo zaharra da, baina uste dut nahiko bideratuta dagoela. Pauso batzuk gehiago ematekotan daude, jendea eskatzen ari delako. Agertu dira alardearen munduan ahotsak esanez onartezina dela. Itxaropena daukat hauteskundeen ostean beste pauso batzuk emango direla egoera osorik normalizatzeko. Gutxienez Irunen nahiko baketsua izaten ari da egoera. Egia da bi alarde daudela, baina uste dut biak egon daitezkeela. Ez da nire gustukoa, baina agian ohitu beharko gara. [Espainiako] Auzitegi Gorenak esan zuen gauza pribatua bada egin daitekeela. Hori bai, ez litzateke desberdinkeriarik egon behar. Alkateek biak onartu eta agurtu behar dituzte. Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazu alkateei [Irungo eta Hondarribiko alkateak, hurrenez hurren] behin eta berriz esan diet, eta uste dut buruan daukatela azken oztopoak gaindituko direla hurrengo hiletan.

Gipuzkoako Foru Aldundian mahai instituzional bat zegoen udal biekin, Arartekoarekin eta Emakunderekin arazoa bideratzeko. Orain ez da batzen?

Ez. Alardearen mahaia orain ez dago. Egon den bitartean, beti joan gara, eta gure ekarpenak egin ditugu. Uste dut pandemiatik hona ez dela egon. Orain udalekin gabiltza lanean ideia berriak bultzatzen. Ez dago mahairik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.