Baxoko ahozkoan euskaraz aritzeko aukera bermatuko dute irakasleek aurten ere

'Ahobizi' eta 'belarriprest' txapak jantzita agertuko dira baxoko ahozko azterketara. Frantziako Hezkuntza administrazioak aitzinamenduak ahalbidetuko dituela espero dute.

Etxegarai eta Boloki, irakasleek Baionan egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Etxegarai eta Boloki, irakasleek Baionan egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko ekainaren 18a
11:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Estatuak ukatzen duena irakasleek bermatuko dute aurten ere. Prentsaurrekoa egin dute Baionan Ipar Euskal Herriko hiru irakaskuntza sareetan diharduten irakasleek, eta jakinarazi dute, iaz bezala, baxoko ahozko handian euskaraz aritzeko aukera emanen dietela ikasleei. Euskaraldiko txapak jantzita identifikatuko dira ikasleen aitzinean. «Baliabideak badira, gizartean bada nahikaria, administrazioaren esku da orain erabakia hartzea. Gure ekintzak erakusten du praktikan posible dela», adierazi du Villa Pia lizeo pribatuko irakasle Patxo Etxegaraik. 

Ehun bat irakaslek parte hartu zuten iaz ahozko handiko desobedientzia ekintzan, eta aurten ere beste hainbeste izanen direla adierazi dute. Iazkoaren ondotik, biziki balorazio «baikorra» egin zuten. «Irakasle anitz agertu ziren prest ekintzan parte hartzeko, eta hamarnaka ikaslek pasatu ahal izan zuten ahozko handiaren parte bat edo osoki euskaraz. Naturaltasun osoz egin zen», esplikatu du Amaia Boloki sare publikoko Historia irakasleak. 

Azken asteetan, azterketen gaian aitzinamenduak izanen direla iragarri du Bordeleko errektoreak; ekain bukaeran horri buruz bilkura bat egitekoa dute Seaskako ordezkariekin eta EEPrekin. Keinu horiek «poztekoak» iruditzen zaizkie irakasleei, baina, gaur-gaurkoz aldaketarik ez denez, iazko desmartxa bera izanen dute aurten ere. 

Naturalki euskaraz

Bi irakaslek parte hartzen dute ahozko handiko epaimahaian; batzuk euskaltzaleak dira, baina ez da beti hala. Aldi bakoitzean elkarrekin adostuta arituko direla adierazi du Bolokik. «Helburua ez da gatazka giro bat sortzea. Bi irakasleak ados badira, aurkeztuko den ikasleari jakinaraziko diogu euskaraz egiteko aukera baduela berak nahi badu, eta bestela ez». 

Irakasleek adierazi dute azterketa garaian ikasleen eta euskararen artean «zubi bat» eraikitzea dela haien helburua. «Euskarak, irakaskuntza hizkuntza eta bizi hizkuntza denak, leku naturala atzeman dezala lizeoaren zikloa bururatzen duen azken azterketa horretan», esplikatu du Etxegaraik.

Iazko ahozko handiaren ondotik, errektoretzak ikerketa bat abiatu zuen ikasle baten kasuaren inguruan. Irakasleek adierazi dute ez duela jarraipenik izan, haiek dakitela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.