Ikasle batzuek bazekiten herenegun Baxoko Matematika azterketan zein izango zuten lehen ariketa, eta erantzunaren berri ere bazuten. Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan azterketa bera egiten dute, eta astelehen iluntzean, proba bezperan, Interneten gazteen atari batean jarri zituen norbaitek ariketa eta haren erantzuna. Herenegun arratsean ohartu zen Frantziako Hezkuntza Ministerioa, harrabots handia eragin baitu filtrazioak. Hala, erabakia hartu zuen atzo ministroak: Interneten zabaldutako ariketa baliorik gabe utzi du, eta gainerako ariketen artean banatuko dute haren balioa. Neurriak eztabaida eragin du, ikasle asko baitziren filtrazioaz ohartu gabe ariketa ongi egin zutenak; alferrik izango dute orain. Uztailaren 5ean emango dizkiete emaitzak ikasleei.
Bestalde, EHUko Kimika probako hutsak jarraitzen du zeresana ematen. 77 irakaslek gutun batean berretsi dute egin ezin ziren galderak zeudela selektibitatean. Ardurak eskatu dizkiote EHUri.
Baxoko ariketa bat baliorik gabe utzi du Frantziak, Interneten jarria zutelako aurretik
Matematika azterketan ageri zen lehen ariketa gazteen webgune batek filtratu zuen proba egin bezperan, astelehenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu